Azpiegiturak

Bilbo Hegoaldeko Saihesbidearen hurrengo fasea geratzeko eskatu dute

Bilboaldeko hainbat eragilek azpiegituraren aurkako plataforma sortu dute. Bizkaiko Diputazioaren politika, obraren gastua eta ingurumean izango duen eragina salatu dituzte.

Bilbo Hegoaldeko Saihesbidearen lehen fasea, 2011n ireki zen egunean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibai Maruri Bilbao.
2018ko apirilaren 19a
12:54
Entzun

Ampliacion Supersur Ez plataformak bere burua aurkezteko agerraldia egin du gaur goizean, Bizkaiko hiriburuan. Bilbo Hegoaldeko Saihesbidearen 1-b fasea hasteko asmoa iragarri du diputazioak, eta hainbat eragilek hori gelditzeko eskatzeko sortu dute plataforma. Peñascaleko bidesarietatik Betelura doan zatia eraikiko litzateke: 4,2 kilometro luze den ordainpeko autobidea. Azaldu dutenez, Arnotegi mendiaren azpitik igaroko litzatekeen tunela eta Bolintxu ibaiaren gainetik joango litzatekeen zubibidea aurreikusten ditu proiektuak. Plataformako kideen arabera, obra hori "ez da behar". Hasierako aurrekontua 200 milioi eurokoa dela salatu dute: hau da, kilometro bakoitzaren kostua 47,6 milioikoa izango dela. Eta Bolintxu haranean eragingo duen ingurumen kaltea ere gaitzetsi dute. 

Ekologistak Martxan-eko kide Juan Pallaresek esan du diputazioaren garraio politikak "tokian tokiko administrazioek egindako ahaleginekin kontraesanean" daudela. Besteak beste, Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana, Agenda 21, eta hiri barruko kaleetan abiadura muga orduko 30 kilometrora jaistea aipatu ditu. "Bere politiken ardatza garraio eskaeran ipini beharrean, azpiegituretara bideratzen ditu inbertsioak", ohartarazi du. Era berean, azpimarratu du dagoeneko eraikita dagoen zatiak ez dituela saihesbiderako aurreikusi ziren helburuak bete: "2016an diputazioak emandako datuen arabera, erabilera ez da aurreikusitakoaren %50era iristen".

AHT Gelditu Elkarlaneko Manu Imazek esan du Pagasarri magalean dagoen Bolintxu haranean "ondorio kaltegarriak" izan ditzakeela azpiegitura berriak. "Pagasarriko Plan Bereziak babestu beharreko inguru gisa definitzen zuen Bolintxu, bertan dagoen flora eta faunaren ezaugarriengatik. Zubibideak eragingo dituen ondorioak nabarmenak dira". 

Datozen asteetan azpiegituraren aurkako sinadura bilketa egingo dute. Eta, kanpaina bukatzeko, maiatzaren 20rako Bolintxurako martxa antolatu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.