Bilbobuseko langileek martxoko hirugarren greba eguna dute

Hasia da apirilaren 9rako deitua duten greba mugagabea eragozteko atzerako kontaketa. Bilboko Udaleko Jasangarritasun zinegotziak aitortu du ez dela erraza izango akordioa lortzea.

Bilbobus
Bilbobus zerbitzuko autobus bat. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko martxoaren 25a
10:10
Entzun

Bilbobuseko langileek martxorako antolatu duten greba dinamikako hirugarren eguna dute gaur, eta gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioetan murgilduta daude, eta Biobide zerbitzuaren azpikontrata kudeatzen duen enpresaren jarrera salatu nahi dute. Zazpiehun langile baino gehiago dira, eta lan hitzarmena berritu gabe dute 2021etik. Dinamika honetako laugarren eta azken greba eguna asteazkena izango da.

Aste Santua eta Pazko astea beroak izango dira Bilboko udaletxean. Bizkaiko hiriburuko udal autobus-zerbitzuko gidariek greba mugagabera deitua baitute apirilaren 9rako. Pazko astearen osteko asteartea da, udaberriko oporren osteko ohiko erritmoko bigarren eguna, alegia. Iragan asteko astelehenean eta asteazkenean ere greba egunak izan zituzten, eta hiriak nozitu zuen. Egoera hori mugagabe luzatzeko arriskua dago mahai gainean.

Arriskua, gainera, erreala da, egoerak ez baitu konponbide errazik. Izan ere, Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziren arabera, Biobidek (Alsa – Transitia) ezin du bere gain hartu «soldata igoerarik, kontratuaren desoreka ekonomiko handia eta porrot ekonomikoa ekarriko liokeelako». Alde horretatik, zinegotziak azaldu du ezin izan dutela aurkitu korapiloa askatzeko legezko bermea duen aukerarik. Are gehiago, kontratua eteteko aukera aztertzen ari da.

Biobidek 2019an berritu zuen zerbitzua bere gain hartzeko kontratua. Hamar urteko akordioa sinatu zuen 510 milioi euroren truke. Enpresak argudiatu du azken urteetako KPIak espero baino askoz handiagoak direla, eta soldatak haien arabera eguneratuz gero porrot egingo lukeela. Sindikatuek inplikazio handiagoa eskatu diote Bilboko Udalari, eta azpikontrata akordioaren baldintzak kritikatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.