Bilboko bi bizilagun hil dira Palentziako mendietan, eskalatzen ari zirela

Hilak 35 eta 26 urteko bi anaia dira, katalanak jaiotzez; haien bila asteartetik aritu dira salbamendukoak

mikel rodriguez
2010eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Salbamendu taldeek hilda aurkitu zituzten atzo goizean Kataluniako bi mendizale Curavacas mendian, Palentzian (Espainia), Miguel Alejo Espainiako Gobernuak Gaztela eta Leonen duen ordezkariak jakinarazi zuenez. Hildakoak J.J.R.P. eta D.R.P. anaiak dira, 35 eta 26 urtekoak, eta Bilbon bizi ziren, Santutxu auzoan. Joan den asteartetik zebiltzan haien bila, anaietako batek Gaztela eta Leongo larrialdi zerbitzuetara deitu baitzuen laguntza eske. Eguraldi txarrak anitz zaildu zituen salbamendu lanak.

Gaztela eta Leongo larrialdi zerbitzuek J.J.R.P.ren telefono deia jaso zuten herenegun, 15:00etan. Bertze mendizale batekin izotzean eskalatzen zebilela istripua izan zutela jakinarazi zien hark, zehazki Curavacasko hegoaldeko hegian, Vidrieros udalerriko lurretan, 2.100 metroko altueran. J.J.R.P.k orkatila batean zauria egin zuela erran zien, eta ongi zegoen arren medikuek artatzeko beharra zuela adierazi zien. Antza denez, eskalatzen zebiltzala, izotza jausi zitzaien bi mendizaleei, eta, horren ondorioz, bata bertzearengandik bananduta gelditu ziren. Informazio hori jaso ondotik, behin eta berriz saiatu baziren ere, larrialdi zerbitzuek ez zuten lortu bi anaiekin berriz ere harremanetan jartzerik, telefonoaren estaldura arazoengatik ustez.

Larrialdi zerbitzuek Espainiako babes zibilari gertaeraren berri eman zioten, eta horiek helikopteroa bidali zuten mendizaleen bila. Haizearen eta lainoaren eraginez, ordea, ezin izan ziren haiengana ailegatu. Horren ondorioz, oinezko bilaketa lanari ekin zioten Guardia Zibilaren mendiko salbamenduetarako taldeak eta Gaztela eta Leongo Barne eta Justizia Sailekoak. Ez zuten mendizaleak topatzerik lortu, eta 22:00ak aldera salbamendu lanak bertan beheiti utzi zituzten eguraldi txarraren ondorioz.

Atzo goizeko lehenbiziko orduetan bilaketa lanei berrekin zieten Guardia Zibileko bortz kidek eta Barne eta Justizia Saileko salbamendu taldeko bertze 11k, baina istripuaren guneraino ailegatu zirenerako mendizaleak hilda zeuden. Bi anaien gorpuak Vidrierosera eraman zituzten lehenik, eta Cervera de Pisuergara gero -Palentzia hiritik 120 kilometrora-, autopsia hango beilategian egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.