Esku hartze sozialeko zenbait langilek —sektoreko 50 profesionalen izenean— eta Bilboko Etxebizitza Sindikatuak egin dute salaketa: adierazi dute Bilboko Udalak «presioa» egin diela etxegabetze prozesuetan parte har dezaten, eta bi langilek «lan errepresaliak» ere pairatu dituztela, uko egin ziotelako halako operazio batean laguntzeari.
Iragan urrian, Zorrotzaurreko udal pabiloi bat husteko eta han lo egiten zuten etxegabeak kanporatzeko agindua eman zuen Bilboko Udalak. «Eremua zaintzeko eta eraisteko ardura zuten enpresa pribatuak aritu ziren, eta 80 bat pertsona kaleratu zituzten, bermerik eta etxebizitza alternatiba egonkorrik gabe. Hala, husteko lanetan laguntzeari uko egin zioten bi langilek errepresaliak jasan zituzten, eta horrek, azkenik, lanpostua galtzea ekarri zien», azaldu du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak ohar batean.
Horrez gain, esku hartze sozialeko langileek salatu dute «gero eta baldintza itogarriagoetan» ari direla lanean, gehiegizko karga burokratikoekin, baliabide faltarekin eta erakundeek ematen dizkieten «agindu kontraesankorrekin». Askotan, muturreko zaurgarritasunean direnen eta arduradun politikoen artean «bitartekari lana» egitea dagokie profesional horiei: «Tentsio hori bereziki agerikoa da etxegabetzeetan; askotan, presioa jasaten baitute beren konbikzioen aurkakoak diren eta euren eginkizunen mugetatik kanpo dauden funtzioak bete ditzaten».
Langileek eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute «gero eta joera handiagoa» dagoela esku hartze sozialaren esparruan «funtzio diziplinario eta autoritarioak» ezartzeko. Adierazi dutenez, zaurgarritasun egoeran direnei lagundu eta orientabideak eman beharrean, erakundeek langileak behartzen dituzte «kontrol funtzioak betetzera».
Horregatik, adierazi dute ez daudela prest ez dagozkien ardurak hartzeko eta «erantzukizuna jartzeko miseria jasaten dutenen gain», eta uko egin diote etxegabetze prozesuetan parte hartzeari.