Garraio publikoa, normaltasunerako bidean

Bilboko metroa arazo aipagarririk gabe ibili da goizean. Renferen geltokietan, berriz, apurka-apurka ari dira normaltasuna berreskuratzen, eta atzerapenak eta zerbitzurik gabeko lineak ugariak dira oraindik.

Ohi baino jende gutxiago dabil Bilboko metroan, baina zerbitzuan ez dago aparteko arazorik. BERRIA
Ohi baino jende gutxiago dabil Bilboko metroan, baina zerbitzuan ez dago aparteko arazorik. BERRIA
Gotzon Hermosilla - Mikel Garcia Martikorena
Bilbo - Donostia
2025eko apirilaren 29a
09:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko metroan, ohi baino jende gutxiago dabil 07:00etan. Hori da normaltasuna apurtzen duen datu bakarra; gainerakoan, arazorik gabe ari dira metroak. «Linea guztiak martxan daude, eta, atzo ez bezala, Basauriraino ere iristen dira trenak», azaldu du Bilboko metroko langile batek. «Beharbada, arazoak egongo dira igogailuren batean, baina hori alde batera utzita, dena normal dago».

Bagoian, bidaiari gehienak sakelako telefonoari so ari dira, eta berbetan ari diren bakanek hizpide bakarra dute: bezperako itzalaldia. Umorez eta olgetan-benetan ari dira, okerrena pasatua dela uste duten seinale: «Ba, nik bost urtean pandemia bat, gerra bat, tanta hotza eta itzalaldia ezagutu ditut; marka da gero», esan du ikasle batek, ozen.

Cristina Gonzalez Santurtzitik Bilbora etorri da, lanera, egunero bezala, eta, esan duenez, metroan ez du aparteko arazorik izan. Atzo, baina, oso desberdina zen egoera: «Metroa ez zebilen, trena ere ez, taxi bat hartzea oso zaila zen, eta autobusak goraino zihoazen. Entzun dudanez, arratsaldean autobus gehiago jarri zituzten, baina ni lanetik atera nintzenean behintzat gelditu ere ez ziren egiten, beteta zeudelako. Lankide batek autoz eraman ninduen Santurtzira, eta eskerrak, ez baitakit bestela zer egingo nukeen». Abandoko geltokian, Arriaga antzokiaren publizitatea ageri da iragarki argiztatuetan: «Aldatzen zaituzten istorioak».

Arazoak tren geltokian

Abandoko metro geltokiak lotura zuzena du tren geltokiarekin. Han ere giroa lasaia da, eta jende gutxi dabil bazterretan, baina arazoak ugariagoak dira. Behargin talde bat ari da eskailera mekanikoetan mantentze lanak egiten: tarte bat plastikozko hesiekin moztu, eskailerak geldiarazi, konponketa txiki batzuk egin, berriro abiarazi eta hurrengo tartera pasatzen dira.

Geltokian, bidaiari baino kazetari gehiago daude ia. Zinpeko zaindari bat hurbildu da kazetariengana: baimenik ezean, han ezin dela bidaiarien adierazpenik jaso, ezta irudirik hartu ere. Eztabaida txiki bat sortu da zaindariaren eta kazetarien artean: «Nik ez dizuet esaten zuen lana nola egin behar duzuen, baina ni ere lanean ari naiz», azaldu du zaindariak, temati. Telefono dei bat egin du, eta, bost minutu geroago, arazoa konponduta omen dago.

Informazio panelek iragartzen dutenez, linea gehienetan ez dago zerbitzurik. Santurtzira eta Muskizera joaten den Ezkerraldeko trena ez dabil, Laudiora eta Urduñara joaten dena ere ez, eta Miranda Ebrora, Madrilera eta Bartzelonara abiatzen diren ibilbide luzeko trenak ere zerbitzutik kanpo daude.

Egoera antzekoa izan da oso Donostiako geltokian. 05:00 inguru zen irtetekoa aurreneko trena, Madrilerako distantzia luzekoa. Ez da irten, ordea. Lagun askok tiketa erosia zuten bidaia horretarako, eta, langileek azaldu dietenez, posible zen geroago beste tren bat abiatzea. Hala ere, askok pareko autobus geltokira egin dute ihes, Madrilera eramango zituen autobus baten bila. Zenbaitek, baina, ez dute lortu, eta tren geltoki inguruan gelditu dira, zain. Hori gertatu zaio Madrileko lagun talde bati. «Eguerdi aldera autobus bat izango genuke, baina bakoitzak 45 euro ordaindu beharko ditu», esan die taldeko besteei autobus geltokira joandakoak. Ez dirudi aukera bat: etxea dute Donostian, eta, azaldu dutenez, nahiago dute hirian beste egun bat igaro eta Madrilera bihar joan.

Irundik Madrilera doan trena, Donostiako geltokian, gaur goizean. BERRIA
Irundik Madrilera doan trena, Donostiako geltokian, gaur goizean. BERRIA

Ezjakintasuna eta amorrua izan dira nagusi Donostiako geltokian bilduta zeuden bidaiarien artean; langileek ezin zuten baieztatu trenik egongo zenik, eta bidaiariak bestelako garraioak bilatzen ahalegindu dira. Askorentzat, ordea, trena zen aukera bakarra. Autobus enpresen atariek eta kotxea partekatzeko aplikazioek geltokian zeuden gehienen sakelakoen pantailak betetzen zituztela hasi da zurrumurrua: «8:25etan aurreneko trena atera da Irundik». Poza bidaiarien aurpegian. Trena langileek aurreikusi baino 15 minutu geroago heldu da, itzalaldia gertatu eta 20 ordura. Trena gerturatzen zelarik sakelakoa atera duen bidaiaririk ere egon da, grabatzeko.

Bilbon ere, apurka-apurka, argi izpiak agertzen hasi dira panorama ilunean: iragarri dute 07:00etan Madrilera joatekoa zen trena laster abiatuko dela, atzerapenez bada ere, eta arrapaladan joan dira bidaiari guztiak, irribarrea aurpegian eta poza disimulatu ezinik. «Ez dugu gaua hemen pasatu; Getxotik etorri gara, Madrilerako trena aterako ote zen jakin gabe, eta oraingoz badirudi irten egingo dela. Ea bidaia bestelako arazorik gabe egiterik dugun», esan du Luis Eduardo Manzanerok, maletari tiraka. Handik gutxira, Urduñarako lehenengo trena 08:05ean aterako dela iragarri dute.

Aldirikoa, berandu

Gipuzkoako aldiriko tren zerbitzua Bizkaikoa baino ordubete geroago jarri da martxan, eta, Renfek 9:02etan heltzea aurreikusten bazuen ere, azkenean, berandutu, eta 9:30 aldera heldu da nasara. Ohi baino lasaiago zegoen geltokia: zortzi lagun zeuden, eguzkitan, trena noiz helduko zain. Horietako bat Idoia Martinez izan da. Martinez Donostiatik Legazpira joaten da ia egunero, amari bisita egitera, eta, trena izateak poztu duen arren, ez du haserrea ezkutatu: «Ia ordu erdi igaro da trena heldu behar zenetik, eta hona ez da inor heldu». Nabarmendu du berandutzeak ohikoak direla, baina gaurko itxaronaldia are luzeagoa izan dela. «Busa hartzea bururatu zait, baina, esan didatenez laster tren bat helduko zela, geltokian gelditzea erabaki dut. Agian ez da aukerarik onena izan», esan du, irribarretsu. 

Geltokietan, gaua lasaia izan da. Renfek iragarria zuen tren geltoki nagusiak irekiko zituela gauez, bestelako ostaturik ez zuten bidaiariek gaua bertan eman zezaten, eta Abandokoa izan da zabalik egon diren horietako bat, baina gutxik baliatu dute aukera hori: «Nik dakidala, bi bidaiarik baino ez dute hemen pasatu gaua», azaldu du Renfeko langile batek. «Hau, batez ere, helduera geltoki bat da, ez da Zaragozako geltokiaren moduko lotune bat, eta, beraz, bidaiariek ez dute gaua hemen pasatu beharrik izan. Oso lasai joan da dena». Donostian ere bidaiari gutxik igaro dute gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.