Ertzaintzak sexu eraso bati buruzko salaketa bat jaso zuen igandean: emakume batek jakinarazi zuen gimnasioko entrenatzaileak eraso egin ziola. Poliziak azaldu duenez, emakumeak lesio bat dauka bizkarrean, eta entrenatzaileak proposatu zion masaje bat emango ziola, lesio hori arintzeko.
Emakumeak salatu duenez, gizona zain egon zen gimnasioko gainerako erabiltzaileak joan arte, eta, haiek alde egin zutenean, eraso egin zion. Igande arratsaldean gertatu zen.
Emakumeak segidan jarri zuen salaketa polizia etxean, eta Ertzaintzak astelehenean hartu zion deklarazioa gizonari. Epaitegira bidali zuten, eta guardiako epaileak gizona espetxeratzeko agindu du. 33 urte dauzka.