Bilboko Gizarte Zerbitzuetako langileek alarma jo dute: «krisi isil baina sakon batean» daude. Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako ehun langile inguruk manifestu bat landu dute azken asteotan, zerbitzuen inguruko diagnostiko bat aurkezteko, eta elkarretaratzea egin dute gaur, udaletxearen aurrean, ahotsa altxatzeko. Eguneroko lanean ikusten dutena argitara atera nahi izan dute: «Pertsona zaurgarrienak babestu behar lituzkeen sistema hondoratzen ari da, eta horrekin batera, gure lan baldintzak eta baldintza emozionalak ere bai».
Sarri «muturreko egoeretan» dauden pertsonekin lan egiten dute oinarrizko gizarte zerbitzuetan: etxetik kaleratutako familiak, etxegabeak, tratu txarrak jasan dituzten adingabeak, erabat bakartuta dauden pertsonak... Gero eta premia gehiago daude gizartean, gero eta kasu gehiago iristen zaizkie, gero eta konplexuagoak dira, eta gero eta zailagoa zaie egoera horiek bideratzea, «gero eta baliabide urriagoak» baitituzte lanerako.
«Hain egoera latzak tratatzeak eta, are, erantzun egokirik eman ezin izateak eragina du osasun psikiko eta emozionalean»
OSKAR LOPEZ Bilboko gizarte zerbitzuetako langilea
Beharginek salatu dute langile gutxiegi direla, ordezkapenak ez direla beti gauzatzen, lan zama gehiegizkoa dutela, burokrazia «itogarria» dela... Baina, oro har, bi korapilo handi detektatu dituzte. Batetik, gobernantza eredu «desegokia»: «Profesionalen esperientzia eta ahotsa alde batera uzten dituzte, eta askotan desegokiak edo eraginkorrak ez diren erabakiak inposatzen dituzte». Bestetik, beste erakundeekiko «koordinazio eraginkorrik eza» aipatu dute.
Euren eguneroko ezinaren hamaika adibide eman dituzte, baina bereziki kezkagarria da haur eta gazteen zerbitzuaren egoeraz azaldu dutena. Izan ere, azken urteetan ugaritu egin dira adingabeen babesgabetasun egoeren jakinarazpenak, eta Bizkaiko Diputazioko adingabeen arloak gainezka egin du. Beraz, udaleko gizarte zerbitzuak ari dira kasu horietako batzuk artatzen: «Haurren sexu abusuez eta tratu txar fisiko eta psikiko larriez ari gara, eta aldundiko zerbitzu espezializatuek ez diete erantzunik ematen, langileak falta direlako eta ari direnak lanez gainezka daudelako».
Arrisku psikosozialetan, neurririk ez
Eta horrek buru osasunean eragiten die, Oskar Lopez langileak azaldu duenez: «Hain egoera latzak tratatzeak eta, are, erantzun egokirik eman ezin izateak eragina du osasun psikiko eta emozionalean». Baina laneko arrisku psikosozialen inguruko gardentasun falta deitoratu du: «Azterketa bat egin ziguten duela hiruzpalau urte, baina neurririk ez da martxan jarri».
Lopezek gogora ekarri du zerbitzu sozialen sistema duela 30 urte diseinatu zela, eta egungo gizarteak eta premiek ez dutela zerikusirik ordukoekin. Hala, «egiturazko aldaketa bat» galdegin du: lantaldeak handitzea, lan baldintzak duintzea, pribatizatuta dauden funtsezko zerbitzuak —GLUZ eta etxez etxeko laguntza— publiko egitea... «Gizarte zerbitzuak ezin dira bigarren mailako gai gisa tratatu. Ongizate komunitarioaren bihotza dira: zorrotz, sentikortasunez eta errespetuz kudeatu behar dira».
Hainbat eragileren babesa jaso du gaurko elkarretaratzeak: LAB eta ELA sindikatuak; EH Bildu eta Elkarrekin Bilbao alderdiak; Bizitegi, Pentsiodunak Martxan, Oneka, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bilboko Auzo Elkarteen federazioa... Hala, mobilizatzen jarraitzeko prest agertu dira gizarte zerbitzuetako langileak.
Langileek txosten bat osatu dute, eta bertan xehetasunez aztertu dituzte hainbat zerbitzutako gabeziak. Hona hemen aurkeztu duten diagnostikoa:
1
Etxebizitza eta errolda
Presaz esku hartzea galdegin diote udalari, «modu esponentzialean» hazten ari baita etxebizitzaren arazoak erasandako pertsona eta familia kopurua: «Kide askoko familiak etxebizitza partekatuetan, geletan pilatuta bizi diren pertsonak, kalean bizi direnak... Ezin diegu ia erantzunik eman premia egoera horiei».
Era berean, beharginak kezkatuta agertu dira erroldatzeko eskubideari lotuta antzeman dituzten gehiegikeriak direla eta: «Errolda ezinbestekoa da, eskubide multzo bat izateko atea baita, baina erroldatzeko zailtasunak biderkatu egiten dira, hainbat arrazoi direla medio: administrazioen politika murriztailea, jabeen ezezkoa, errolda kobratzeko mafiak...». Erakundeen jardun okerraren adibide gisa jarri dute gizarte bazterketaren balorazioa egiteari uko egin izana kaltetuak erroldarik ez zuelako.
2
Gizarte Larrialdiko Udal Zerbitzua (GLUZ)
«GLUZ erabat gainezka dago, etxegabetuen eta etxerik gabeen egoera dramatikoak artatzen», esan dute argi langileek. Gogora ekarri dute iaz ere zerbitzuaren egoera salatu zutela: ilara luzeak izan ziren GLUZen egoitzan; erabiltzaileak sarri arreta jaso gabe geratzen ziren, eta gaua atarian igaro behar izaten zuten. Orduan hasi ziren aurretiazko hitzorduak ematen, baina «sakoneko arazoa konpondu gabe dago oraindik», beharginen arabera: «Oinarrizko beharrak kudeatzeko ere —elikagaiak, arropa, higienea—, hitzorduak bi edo hiru hilabetera ematen dira, eta oinarrizko laguntza horiek eskatzeko arreta ordutegia murriztu egin da».
Horrek guztiak «arriskuan jartzen du pertsona askoren bizitza, batez ere kalean bizi direnena». Hain zuzen, etxegabeen kopuruarekin oso kezkatuta agertu dira langileak, etengabe hazi baita azken urteetan, «baina GLUZ eta Inklusio Saila ez dira birdimentsionatu». Beharginek emandako datuen arabera, Bilbon 1.800 pertsona inguru daude etxerik gabe —duela urte gutxi 700 inguru ziren—, eta haietako 500 kalean bizi dira, bestelako aterperik gabe. «Kalean bizi den pertsona batek ia urtebete itxaron beharko du, onenera jota ere, erreferentziazko gizarte langile bat edo baliabide bat eduki ahal izateko».
Hala, premiazko neurriak eskatu dizkiete udalari eta gainerako erakundeei, edozein dela bakoitzaren eskumena: «Etikoki eta politikoki onartezina da gure udalerrian etxegabetasunari ematen ari zaion erantzuna».
3
Gizarte larrialdietako laguntzak
Disfuntzio ugari antzeman dituzte beharginek gizarte larrialdietako laguntzen kudeaketan, baina nabarmendu dute administrazio batek baino gehiagok eskaintzen dituela halako laguntzak antzeko izenekin eta kontzeptuekin, eta horrek «nahasmendua» sortzen duela, bai erabiltzaileen artean, bai langileen artean. Gertatu izan da laguntzak itzuli behar izatea prozesuan izandako akatsengatik: «Horrek sistemarekiko konfiantzan eragin dezake».
4
Etxez etxeko laguntza zerbitzua
Udalek kudeatutako zaintza zerbitzuetako bat da etxez etxeko laguntza; Bilbon zeresan handia eman zuen 2024 hasieran udalak tasak «neurrigabe» igo izanak: hainbat erabiltzailek zerbitzuari uko egin behar izan diote, edo laguntza orduak murriztu. «Gero eta adineko eta mendeko pertsona gehiago bakarrik bizi direla kontuan hartuta, neurri horrek babesgabetasun arriskua areagotzen du», ondorioztatu dute langileek.
Zerbitzu horretako beharginen egoera ere salatu dute, besteak beste, laguntza orduak gutxitzeak izandako ondorioei begira: «Gero eta presio handiagoa jasaten dute lan plan jasanezinak betetzeko, eta ezin dute kalitatezko zerbitzurik eman». Zaintza bizitzaren erdigunean jartzeak langileen lan baldintzak duintzeko konpromisoa dakarrela gogoratu dute: «Baina hori ezin da egin etxez etxeko laguntza zerbitzua negozio iturritzat hartzen bada. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu zerbitzu hori publiko egitea».