Bilboko Itaiak salatu du udaltzain batek bere bikotekide ohia kontrolatu duela eta jazarri egin zaiola

Gizonari bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua eta harekin mintzatzeko debekua ezarri diote. Antolakunde sozialistak instituzioen isiltasuna seinalatu du.

Bilboko Itaiak ekintza bat egin du udaltzain bat bikotekide ohiari jazarri zaiola salatzeko. ITAIA
Bilboko Itaiak ekintza bat egin du udaltzain bat bikotekide ohiari jazarri zaiola salatzeko. ITAIA
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 9a
09:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko udaltzain bati bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua eta harekin mintzatzeko debekua ezarri zioten iragan astean, baita 60 egunez gizartearendako lanak egiteko zigorra ere. Bikotekide ohiari jazartzeagatik zigortu dute gizona, emaztekiaren autoan GPS gailu bat jarri baitzuen, hura zelatatzeko. Bilboko Itaiak kasua salatu du, eta udalaren eta alderdi politikoen isiltasuna kritikatu: «Ez dute erasoa gaitzetsi, eta ez dute neurririk hartu erasotzailea zerbitzutik kentzeko». Antolakundeak adierazi du ezin dela bertze aldera begiratu, eta polizia indarren erasoak ezin direla oharkabean pasatu. 

Halaber, Bilboko Itaiak poliziaren «izaera zapaltzailea eta praktika matxista eta klasistak» salatu ditu: «Zalantzan jartzen dugu poliziak emakume langileen segurtasuna berma dezakeenik». Izan ere, antolakundearen erranetan, poliziek egindako sexu erasoen kopurua «handia eta kezkagarria» da. Hortaz, beren irudiko, polizia indartzeak ez du indarkeria matxista amaituko: «Langile klase osoa zapaltzen duen instituzioa normalizatzeko aitzakia besterik ez da». 

Gogoratu dute iazko azaroan Bilboko Txurdinaga auzoan udaltzain batek gauzatutako bertze indarkeria matxista kasu bat egon zela, eta hura ere salatu zuela antolakundeak. 

Frantziako indar armatuak

Kasu bakana ez dela erakusteko, Frantziako Disclose hedabidearen ikerketa bat ekarri dute gogora, herrialdeko poliziek eta jendarmeek egindako sexu erasoei buruzkoa: lan horren arabera, 2012 eta 2025 bitartean gutxienez 429 emakumek jasan zituzten eta 212 erasotzaile egon ziren.

Datuak publiko egin zirenean, salaketa egin zuen Ipar Euskal Herriko Itaiak, eta erran poliziek baliabide ofizialak erabiltzen zituztela zaurgarritasun egoeran dauden emazteak «beldurrarazteko, gutxiesteko eta haiei erasotzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.