Bilboko Kirikiño ikastola arduratuko da aurtengo Ibilaldia antolatzeaz; maiatzaren 31n egingo dute Bizkaiko ikastolen aldeko festa, hiriburuan bertan. Hiri kiribili bil! lelopean batu asmo dituzte euskaltzaleak. Jada badituzte abestia eta bideoklipa ere; gaur aurkeztu dituzte, hiriko Arriaga antzokian.
Ikasle ohiak arduratu dira abestia ontzeaz: Aiora Renteria (Zea Mays); Unai Madariaga (Ezezez); eta Jon Fernandez, Andoni Barinaga-Rementeria eta Iñigo Guemes (Txopet). Imanol Muro ikasle ohiak egin du bideoklipa. Kirikiño ikastolako arduradunek goraipatu egin dute ikasle ohien lana: «Ohore handia da Ibilaldiko kanta eta ekitaldia gure ikasle ohien talentuarekin osatzea; gure komunitatearen indarra eta jarraikortasuna islatzen ditu».
Renteriaren esanetan, abestia «oso itsaskorra, positiboa eta polita» da: «Euskaldunok batzen gaituzten ezaugarriak ditu: ikastola, Ibilaldia eta euskara». Fernandezek eta Barinaga-Rementeriak, berriz, elkarlana goraipatu dute, eta adierazi dute hiru taldeen nortasuna islatuta geratu dela abestian.