Bilboko Konpartsek «eraso arrazisten kontrako protokoloa» aktibatu dute

Kaleko saltzaileak Gas plazatik bota dituztela salatu dute mobilizazio handi batean.

Kaleko saltzaileen aldeko mobilizazio handia, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kaleko saltzaileen aldeko mobilizazio handia, gaur. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2025eko abuztuaren 19a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Konpartsek jakinarazi dute «eraso arrazisten kontrako protokoloa» aktibatzea erabaki dutela, eta gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Arriaga antzokiaren aurrean, Poliziaren esku hartzearen aurka. Azaldu dutenez, «Poliziaren gehiegizko esku hartzea» izan da pertsona arrazializatu baten kontra, eta Gas plazatik bota dituzte bertan lo egiten ari ziren kaleko saltzaileak.

Antza, kaleko saltzaile asko zeuden atseden hartzen kanpin dendetan. Eremu handia hartzen zuten denda horiek, eta Udaltzaingoak bertatik ateratzeko agindua jaso ondoren, bota egin ditu saltzaileak, azalduz ez zutela baimenik kalean kanpatzeko.

Gaurko mobilizazio handian, Bilboko Udalari eskatuko diote «benetako irtenbideak eta alternatiba duinak» emateko kaleko saltzaileen harrera egoki kudea dadin. «Lo egitea ez da delitua», defendatu dute manifestariek, eta Gas plazako zenbait bizilagunen kexuak «aitzakia baino ez» direla ziurtatu. «Ez al dute sabaia izateko eskubiderik?», galdetu dute. Etxerik gabeko pertsonekin enpatia izateko eskatu dute, eta horien giza eskubideak errespetatzeko. Halaber, «eraso arrazista horiek bere gain hartzeko» eskatu diote Bilboko Udalari.

Horrez gain, Gogorregi konpartsakideek jasan duen eraso arrazista eta homofoboa salatu dute konpartsek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.