Bilboko Konpartsek poliziaren indarkeria eta udalaren jarrera salatu dituzte

Konpartsek nabarmendu dute Bilboko Udalaren jazarpenaren atzean jai eredu herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko jakin bat ezkutatzen dela.

Bilboko Konpartsen elkarretaratzea, gaur. BILBOKO KONPARTSAK
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 22a
16:42
Entzun

Bilboko Konpartsek poliziaren «indarkeria» eta udalaren jokabidea salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur. Bilboko Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoan egin dute protesta, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen aurrean.

Jaietako lehen egunean txupinazoaren aurretik gertatutakoa salatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, txupinera, pregoilaria, eta Jai Batzordea Arriaga antzokira sartzekotan zirela, poliziek konpartsetako kideen motxilak arakatu eta suziriak bahitu zizkieten. Gehitu dutenez, Jai Batzordeko bi kidek kanpoan geratu behar izan zuten, eta, ondorioz, «tentsio poliziala» sortu zen.

Hurrengo goizean gertatutakoa ere gaitzetsi dute. Azaldu dutenaren arabera, Bilboko Udalak «abisatu gabe» kendu zituen federazioak kale saltzaileen zein euskararen alde, eta erasoen aurka jarritako pankartak. Gertaera hori Bilboko eragile sozialen adierazpen askatasunaren kontrako «eraso larritzat» jo dute konpartsek. Horrez gain, gehitu dute goiz hartan bertan SOS Arrazakeria elkarteak adierazi ziela udaltzaingoak kaleko bi saltzaileri lan tresnak kendu zizkiela. «Jokabide horiek argi azaltzen dute udalaren ildotik kanpo dauden espazioak ez dituztela onartzen».

Igande gauean, udaltzainen «bortizkeriaren dimentsio berri bat» pairatu zutela salatu dute. Azaldu dutenez, federazioaren parte den Kranba txosnaren kanpoko aldean «bi mozkor» txiza egiten ikusi zituzten. Kranbako konpartsakide batzuk beraiengana joan ziren txosnagunea errespeta zezatela eskatzeko. Adierazi dutenez, konpartsakideek bi lagunei egindako eskaerari «oldartu» zitzaizkien bi lagunak, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Gehitu dute eraso egin zieten konpartsakideek mehatxuak jasan zituztela hurrengo: «Uniformea janztean bizitza ezinezko egingo dizut, eta bestela, hilko zaitut» eta «Nire mutil laguna ukituz gero, hilko zaitut» adierazi zieten, gazteleraz. Orduan, konpartsen arabera, mehatxugileetako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen, eta segituan, 30 udaltzain inguruk konpartsakideak inguratu zituztela eta eraso egin zietela azaldu dute. Bitartean, hasierako bi erasotzaileek ihes egin zuten.

Baina, konpartsen arabera, igande gaueko istilua ez zen borroka soil batean geratu. Istiluen kontrako materialez hornitutako poliziek konpartsakideak inguratu eta identifikatu zituzten. Horrez gain, konpartsakideen abokatua heldu zenean, hura identifikatu zuten, eta ez zioten konpartsakideengana gerturatzen utzi, gehitu dutenez.

Gertaera horiek ikusirik, nabarmendu dute ekintza horiek ezin direla «modu isolatuan» ulertu: «Jazarpen horien atzean, jai eredu herrikoi, parte hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurkako estrategia politiko jakin bat ezkutatzen da».

Aburtok, komunikabideei egindako adierazpenetan, «errespetua» eskatu du, eta adierazi du polizia «zerbitzu publikoa» dela eta kaleetan jarraituko duela. Elkarretaratzean parte hartu dutenei eskatu die «hausnarketa» egiteko, eta hausnartzeko bilbotarrak nork ordezkatzen dituen eta nork ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.