Azpiegiturak

Bilboko metroko lehen eta bigarren linea lotuko dituzte, itsasadarraren azpiko tunel batekin

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri du, politika orokorrari buruzko bilkuran, Gernikan.

Unai Rementeriagaur, Gernikako juntetxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2022ko irailaren 28a
11:23
Entzun

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, metroko lanen gaineko iragarpena ez ezik, beste bi iragarpen ere egin ditu politika orokorrari buruz egiten ari den bere azken hitzaldian, Gernikako Juntetxean. Bilboko metroko bi lineak lotzeko itsasadarraren azpiko tunela iragartzeaz gain, Gernikako Guggenheim sustatzeko lanen aurrerapena iragarri du, eta elkarbizitza unitate bihurtuko dituzte zortzi zahar etxe. Gaur emango du Rementeriak politika orokorreko azken mintzaldia, iragarri baitzuen ez zela berriz aurkeztuko kargura. EAJren BBBk Elixabete Etxanobe proposatu du 2023ko foru hauteskundeetarako diputatugai gisa.

Rementeriak zera esan du Bilboko metroaren lanei buruz: «Hasieran ibilgailuentzako tunela izatekoa zena tunel intermodala izango da: tren batek metroaren 1. eta 2. lineak lotuko ditu Sestaoko eta Areetako geltokien artean. Uste da egunean 5.000 pertsonak erabiliko dutela, eta ia hogei minutu gutxiago beharko direla geltoki batetik bestera heltzeko San Inazion zehar. Gaur egun, 25 minutu izaten dira, eta amaitutakoan lau inguru izango dira». 2028rako prest egotea espero du, eta 600 milioi kostatuko dela esan du. Rementeriaren ustez, «guztiz beharrezkoa da»: «Bizkaiko saihesbide handia Supersur saihesbidearekin batera, Errontegiko zubiaren alternatiba, egunero 155.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik eta. Batez beste, zubitik 51.000 ibilgailu pasatuko dira lanegunetan, 18.000 ibilgailu kenduko ditu Artatzatik, 14.000 Max Centerren zuzenetik, eta 35.000 Errontegiko zubitik». Bestalde, esan du urrian sinatuko dela Galdakaora metroa iristeko obren finantzaketaren akordioa, eta obraren hiru zati lizitatuko direla.

Bestalde, Gernikako Guggenheimerako sustapen lanen berri eman du. Arkitektura, ingurumen eta paisaia planaren oinarriak lantzeko, «ospe handiko» nazioarteko talde bat kontratatuko dute. «Espero dugu bost hilabete barru prest izatea plana. Aldi horretan, Espainiako Gobernuarekin hitzartutako 40 milioiko ekarpena ziurtatu behar dugu. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitu behar dugu, bai ingurumenaren arloan, eredu jasangarria ezartzeko eta Urdaibaiko erreserba zaintzeko, bai garraioen arloan, aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila museora Euskotrenen oraingo lineatik trenez joateko modurik hoberena argitu nahian lantzen ari diren protokoloa martxan jartzeko», adierazi du Rementeriak.

Azkenik, iragarri du elkarbizitza unitateak eratuko dituztela. Zamudioko egoitzarekin hasiko direla esan du. «868 plaza gehiago elkarbizitza unitateetan. Eraldakuntza horren ondorioz, 243 leku gutxiago egongo dira zentro horietan, baina bi zentro berri zabalduko dira leku gehien beharko diren tokietan, Sestaon eta Durangaldean. Bakoitzean 120 plaza egongo dira. Inbertsioa 18,4 milioi eurokoa izango da. Diru erreserba eginda dago. Gure helburua da datorren urtean 1.200 plaza egotea egoitzetan. Eredu horrekin 39 egoitza zentrok egin dute bat dagoeneko, eta aldundiak laguntza emango dio. Prestakuntza ziklo bat bultzatuko dugu egoitza zentro horren eraldakuntzaren buru izango direnentzat, eta elkarbizitza unitateak ikuskatzeko plan berezia aplikatuko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.