Bilboko Metroko sindikatuen ustez, «aspaldi» lor zitekeen akordioa

Zuzendaritzarekin lortu duten ituna ontzat jo duten arren, langileek «kriminalizazioa» jasan dutela adierazi dute

Bilbo
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urtebete iraun duen mobilizazio dinamikaren ostean, Bilboko Metroko zuzendaritzak eta sindikatuek lan gatazkari amaiera eman dion akordioa sinatu zuten atzo. Herenegun batzarra egin zuten langileek, eta %86,5ek oniritzia eman zioten akordioari. Lan Harremanen Kontseiluaren bitartekaritzarekin abiatutako elkarrizketak hasi eta hogei egunera lortu dute bi aldeek adostasuna. Hala ere, LAB sindikatuko ordezkari Uxune Iriondok nabarmendu du akordioa «aspaldi» lor zitekeela, «egindako mobilizazio, adierazpen, salaketa, eta, bereziki, metroko langileok jasan dugun kriminalizazioa saihestuta».

Luze jo du lan gatazkak, baina egun batzuetan ebatzi dute. Iriondoren ustez, horrek «argi» uzten du «lan gatazka hutsa» zela, «eta ez politikoa, beste batzuek behin eta berriro sinetsarazi nahi izan duten bezala». Metroko greba batzordeak akordioa azaltzeko agerraldia egin zuen atzo, eta gatazkan langileek «galdutako denbora eta dirua» ekarri zuen gogora LABeko kideak. Haren esanetan, azken asteetan egindako zortzi bilera «maratoizkoen» ostean, negoziazio mahaian auzia «osorik» aztertzea lortu dute sindikatuek. Langileen eskariak laburbiltzen dituzten bost puntuei egin die erreferentzia. Iriondok gaineratu du elkarrizketen testuinguruan sindikatuen ordezkaritza «errespetatzea» erdietsi dutela, «asko kostatu den arren».

Sindikatuen batasuna

Sindikatuek «koherentziaz» jokatu dutela nabarmendu du Iriondok. «Ez gara hasierako mezutik urrundu, eta horrek sendotu egin gaitu». Lan gatazka osoan bost sindikatuek erakutsitako «batasuna» goratu du Iriondok: «Oso diferenteak gara pentsamoldeetan, ekintza sindikalean eta beste gauza askotan, baina zerbaitek batu egin gaitu». Greba batzordea ELA, CIM, LAB, UGT eta ESK sindikatuek osatu dute.

Bestalde, ELAko kide eta Bilboko Metroko langileen batzordeko presidente Rafa Valenciak salatu du gatazkak iraun duen bitartean gizarteak «manipulazioa» jasan duela. Haren irudiko, akordioa lortzearekin batera, «metroko langileen inguruan esan den guztia gezurra dela ikusi da». Hitzarmenak onartzen du aurreko akordioak ez direla bete, Valenciaren iritziz. «Urtebetez aritu gara mobilizatzen, jadanik adostuta zeuden itun batzuk betetzeko», gaineratu du.

Metroko zuzendaritzari enplegu arloko akordioa ez betetzea egotzita, sindikatuek mobilizaziorako lehen deialdia iazko maiatzaren 25ean egin zuten. Orduz geroztik hogei lanuzte baino gehiago egin dituzte; tartean, San Tomas eguneko greba. Joan den apirilaren 27an, Lan Harremanen Kontseiluan egindako lehen bilerekin batera, langileek azken lanuztea egin zuten. Negoziatzen aritu diren bitartean ez dute grebara jo beharginek.

«Garai berri bat»

Akordioaren sinadura ekitaldiaren ondoren metroko zuzendari Txema Oleagak adierazi duenez, «harreman adiskidetsuen garai berri bat» hasi da enpresan. «Irabazlerik eta galtzailerik gabeko» ituna lortu dutelakoan, «oso pozik» agertu da Oleaga. Haren irudiko, metroko erabiltzaileek «irabazi» egin dute akordioarekin, eta hitzarmenean sindikatuei ez diete «amore eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.