Bilbo Feminista Saretzen taldeak erakundeen indarkeria salatuko du Azaroaren 25ean: «Indarkeria patriarkal instituzionala». Indarkeria «ikusezin eta normalizatuenetakoa», haien iritziz: «Gobernuek eta haien erakundeek emakumeen eta disidentzien aurka eragiten duten eguneroko indarkeria, batzuetan ekintzaz eta ia beti omisioz egindakoa, baina askotan hilgarria dena». Agerraldia egin dute gaur, Azaroaren 25ari begirako mezua zabaltzeko eta manifestazioaren berri emateko.
Feministek gordin kritikatu dituzte erakundeen jarrera eta jokabidea: «nazkatuta» daude udalen, aldundien eta gobernuen «kanpaina hutsez». Haien irudia garbitzeko lelo feministak erabiltzea egotzi diete erakundeei: «Diskurtso matxistak, arrazistak eta transfoboak legitimatzen dituzten bitartean». Gaineratu dute «nazkatuta» daudela erakundeen gaitzespen mezuak entzuteaz «eta, gero, arreta falta, umiliazioa eta babesgabetasuna egunerokoan ikusteaz»; eta «nazkatuta» daudela indarrean dagoen «sistema patriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonial honek» eragiten dituen indarkeria matxistaz eta patriarkalaz.
Egiten dena eta egiten ez dena
Bilbo Feminista Saretzen taldeak Azaroaren 25ean nabarmendu nahi du haien arabera erakundeek erakutsi nahi ez duten indarkeria: «Asko esan baina ezer gutxi egiten duen udalarena; publikoa izan beharko lukeen guztia pribatu bihurtzen duen aldundiarena; indarkeria gutxietsi eta erasoren bat jasan dutenak birbiktimizatu egiten dituen Poliziarena; prekaritatera eta bazterkeriara kondenatzen duen Atzerritarren Legearena; finean, erantzukizuna beren gain hartu gabe ardura osoa jendartearen bizkar jartzen duten erakundeena». Erakundeek egiten dutena bakarrik ez, egiten ez dutena ere salatuko dute, «horrek ere indarkeria eragiten duelako».
Benetako politika feministak eskatu dituzte. Sei eskaera zehatz ere zerrendatu dituzte: baliabideen mapa argia eta eskuragarria; egun osoko arreta publikoa, espezializatua eta poliziara bideratzen ez duena; zerbitzu publikoak, lan baldintza duinak dituzten langileekin; Atzerritarren Legea indargabetzea, eta etxeko eta zaintza langileak aitortzea; hezkuntza sexuala, afektiboa eta feminista; eta Bilboko emakumeen etxe irisgarri bat.Â
Manifestazioa antolatu dute Azaroaren 25erako, Bilbon. 19:00etan abiatuko da, Jesusen Bihotza plazatik. Leloa: Patriarkatuak eraso, instituzioek paso. Zuen hipokrisia bortizkeria da! Parte hartzeko eskatu diete herritarrei.