Bilboko portuan 5.000 litro likido kutsagarri isuri zituen enpresa salatu du fiskaltzak

Isuritako likidoa aztertu ostean, erregaiak topatu zituzten, eta uste dute isurketak ingurumenari «kalte handia» eragiteko arriskua zegoela. Fiskaltzak salaketa jarri du ingurumenaren kontrako ustezko delituagatik.

isuria
Isurketa egin zuen kamioia, Bilboko portuan. GUARDIA ZIBILA
inaut matauko rada
2025eko irailaren 11
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko azaroan, Bilboko portuan zaintza lanak egiten ari ziren guardia zibil batzuek kamioi bat harrapatu zuten zisterna husten, portuko lur batzuetan. Antza, usain txarra zuen likido beltz bat botatzen ari zirela ikusi zuten agenteek, eta laginak hartu zituzten laborategian ikertzeko, isuri arriskutsuak izan zitezkeen zantzua baitzuten. Kamioiko langile batek onartu zuen isuria 3.000 eta 5.000 litro artekoa zela. Guardia Zibilak eginbideak egin, eta txosten bat bidali zion Ingurumen Fiskaltzari, eta horrek salaketa jarri du enpresaren kontra, ustez ingurumenaren kontrako delitu bat egiteagatik.

Lurreko laginak hartu zituzten, baita kamioiaren zisterna barruan bertan ere, eta laborategiko azterketak ebatzi du isuritakoak erregaiak zituela, Espainiako Barne Ministerioak eta Guardia Zibilak ohar bidez azaldu dutenaren arabera. Laginak Espainiako Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutuak aztertu ditu, Madrilen, eta uste dute isuriak ingurumenari kalte handia eragiteko modukoak zirela.

Gertakarian ingurumenaren kontrako delituen zantzuak ikusita, salaketa jarri du fiskaltzak, toxikologia institutuak emandako txostena euskarri hartuta. Barne Ministerioak eta Guardia Zibilak ez dute enpresari buruzko daturik eman. Isurketaren unea harrapatu zuteneko bideoa eta argazkiak argitaratu ditu Guardia Zibilak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.