Bilboko Udalak Cabacasi egin dion omenaldian justizia eskatu du alkateak

Gazte Athleticzaleari bizitza «injustuki» kendu ziotela esan du Aresok.Gurasoek hunkituta eskertu dute omena: «Haren falta sumatzen genuen»

Cabacasen gurasoak, alkatea erdian eta Goirizela, Urrutia eta Kalparsoro alboan dituztela, aurreskuaren unean. M. RAMIREZ/ ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ondo gogoratuko dute atzoko eguna Iñigo Cabacasen senideek aurrerantzean. Oroimenean iltzatuta geratuko zaie, ziur aski. Hiru urtez itxaroten egon diren aitorpen ofiziala jaso dute Bilboko Udalaren aldetik. Hitz goxoak, babesa, berotasuna eta maitasuna. Esker onak ere bai alkatearen ahotik. Are, eredugarri aritu direla ere esan die alkateak. Beste garai batzuetako erresuminak apaldu dira, eta bare joan da omenaldia Bilboko udaletxeko aretorik ederrenean, Arabiar aretoan. Gizatiarra izan da ekitaldia. Ibon Areso alkateak berak esan bezala, «sentimenduz betetakoa». «Solemnea baina ez protokolozkoa». Emozioz bete ditu aitortzak gurasoak.

Cabacasen senidez, lagunez, udaleko ordezkariz eta politika alorreko pertsonaz betetako Arabiar aretora Areso alkatearen eta Ibone Bengoetxea alkateordearen ondoan sartu dira Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, duela hiru urte Ertzaintzaren gomazko pilota batek hil zuen Athleticeko zalearen gurasoak. Familiaren abokatu gisa ari den Jone Goirizelaia haien atzean sartu da. Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburua ere bai. EAJren EBBko presidente Itxaso Atutxa. Athleticeko presidente Josu Urrutia eta Jose Angel Iribar. Aretoan zain zirenek, txalo artean hartu dituzte gurasoak. Horien artean ziren, besteak beste, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkidea eta Rafa Sainz de Rozas Arartekoko kidea.

Dantzariak aurreskua eskaini die gurasoei. «Oso ondo. Dena oso ondo», zioen amak ahapeka, urduritasunarekin hizketan ari zela konturatu ere egin gabe.

Xuabe hasi, eta gertuko hitzaldia egin du Areso alkateak. Elkartasunezkoa. Ulerkorra. «Ez dago munduan seme-alaba baten galera baino min handiagorik. Konpondu ezin den hutsunea da; sekula betetzen ez dena. Baina horrekin bizitzen ikasi behar da».

Erantzun gabeko galderak

Cabacasen heriotzatik ia hiru urte igaro diren arren, oraindik «galdera asko erantzun barik» daudela aitortu du alkateak, eta horiek «ahalik eta arinen» argituko diren esperantza azaldu du. Gurasoek horren beharra dutela, eta argitzea dela «edozein herri garatuko justizia sisteman eskatu daitekeen gutxiengoa».

Athleticeko zale gazteari bizia «injustuki eta bat-batean» moztu zitzaiola esan du. Eta gurasoei, elkartasun mezua helarazi die: «Gogoratu zuen ondoan gaituzuela behin betiko justizia egin dadin. Familiak auziari buruzko ebazpena argituta egotearen kontsolagarria behar du».

Elkarbizitzarako «eredu»

«Eskerrak» ere eman dizkie Cabacasen senide, lagun eta gertukoei, gertatutakoa gertatuta izan duten «jarreragatik eta mendekurik gabeko elkarbizitzarako ereduagatik». Gurasoak are gehiago hunkitu dituen hitzak gaineratu ditu: «Zuen handitasunagatik pentsa dezakegu Iñigo ere pertsona handia zela».

Udalaren izenean oroimen plaka gurasoei eman ondoren, gaztearen aitak hartu du hitza ekitaldiak gurasoei eragin dien «poztasuna» azaltzeko: «Haren falta sumatzen genuen, eta pozik gaude egin delako». Omenagatik «betirako eskertuta» egongo direla esan, eta bai antolatzaileei bai bertaratutakoei esker beroak eman dizkie.

Iñigo Gogoan egitasmoaren elastikoa soinean zuela izan da Cabacasen aita. Ama ere bai, justizia eskatzen duen eta semearen irudia duen beste elastiko argiago batekin. Bilduko zinegotziak ere elastiko horiekin egon dira ekitaldian, eta gaztearen lagunak, justizia eskatzen duten itsasgarriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.