Bilboko Udalak hainbat baliabide jarriko ditu Aste Nagusian, erasoak prebenitzeko eta arta emateko

Adierazi dute ez dutela eraso matxistarik, arrazistarik edo LGTBIfoborik onartuko, eta eraso orok «erantzun irmoa» izango duela. Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua 24 orduz ariko da lanean, bederatzi egunez.

Bilboko Udalak erasoen kontrako estrategia aurkeztu du gaur Arriaga antzokian, Bilboko Konpartsekin batera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko Udalak erasoen kontrako estrategia aurkeztu du gaur Arriaga antzokian, Bilboko Konpartsekin batera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko abuztuaren 13a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aste Nagusiko suziria bota eta Marijaia Arriaga antzokiko balkoira atera bezain laster, Bilboko Udalak martxan jarriko du erasoen kontrako estrategia, larunbatean bertan. Errespetu Nagusia lelopean, erasoak prebenitzeko eta arta emateko hainbat baliabide eskainiko dituzte. «Gure helburua da Bilbo hiri konprometitua izatea, eta eraso matxistarik, arrazistarik eta LGTBIfoborik gabekoa», adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gaur, estrategia aurkezteko Arriaga antzokian egindako agerraldian.

Bilboko Berdintasuneko eta Jaietako Sailak landu du estrategia, Udaltzaingoarekin eta Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin batera. Itziar Urtasun Bilboko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak nabarmendu duenez, erasoei «erantzun irmoa» emango diete instituzioek, baita gizarteak ere.

Arreta eta Aholkularitza Zerbitzua 24 orduz ariko da lanean, bederatzi egunez, erasoren bat jasan edo ikusi dutenek hara jo dezaten. Herritarrek gizarte larrialdietako zerbitzuaren eta udaltzaingoaren bidez ere baliatu ahal izango dituzte zerbitzu horiek.

«Gure helburua da Bilbo hiri konprometitua izatea, eta eraso matxistarik, arrazistarik eta LGTBIfoborik gabekoa»

JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea

Bestalde, kontzertuak egingo diren lekuetan Puntu Moreak ezarriko ditu udalak: Abandoibarrean, Europa parkean, Plaza Barrian, Casilda Iturrizar parkeko pergolan eta Plaza Biribilean. Prestakuntza jaso duten taldeak egongo dira horietan, arreta eta laguntza eskaintzeko. Gainera, larrialdietako telefonoak dituzten eranskailu batzuk sortu dituzte, komun publikoetan eta sakelakoaren atzeko partean jartzeko.

Protokoloak eta gida

Zortzi hizkuntzatan prestatutako hiru aholkularitza eta jarduketa protokolo ere landu dituzte, indarkeria matxistarekin, arrazakeriarekin eta LGTBIfobiarekin lotutako edozein eraso jasaten dutenei arreta emateko. Bilboko Konpartsekin batera ere landu dute protokolo bat. Horrez gain, erasoen aurkako informazio gida eguneratu dute, horrelako egoerak identifikatzeko eta horietan nola jokatu azaltzeko. Material hori guztia udalaren webgunean argitaratuko dute, eta eskuko telefonoetan deskargatzeko aukera egongo da.

Estrategia horren bitartez, «prebentzioaren eta komunitatearen» alde egin nahi izan du udalak. Hain justu, Urtasunek jakinarazi du udan prestakuntza saioak egin dituztela Bizkaiko hiriburuan lan egiten duten elkarte eta entitateekin. «160 pertsona baino gehiago trebatu dira erasoen, indarkeria matxistaren eta gorroto gertakarien aurka; uste dugu trebakuntzak eragin biderkatzailea duela eta onuragarria dela herritarrentzat». Era berean, zinegotziak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren 112 SOS Deiak aplikazioa deskargatzera deitu ditu herritarrak.

Iaz ere, Errespetu Nagusia aukeratu zuten kanpainaren lelotzat. Alkatearen hitzetan, errespetua «balio nagusia» da gizartean, harremanetan eta bizikidetzan: «Errespetua oinarrizko elementua da jaiez aske eta beldurrik gabe gozatzeko». Are, esan du «erantzukizun partekatua» dela jaiak eremu segurua izatea, eta herritarrei eskatu die kanpainaren parte izan daitezela: «Udalak aliatuak nahi ditu, hala norbanakoak nola kolektiboak, askatasunaren aurka sortzen ari diren erreakzioei aurre egiteko».

«Jaietan edonor da ongi etorria, baina ez edozein jarrera»

ENERITZ ENDERIKA SOLAUN Bilboko Konpartsetako kidea

«Ezetz beti da ezetz; bakarrik baietz da baietz», adierazi du Urtasunek. Hark ere errespetuan egin du azpimarra, funtsezkoa baita «jai libreak lortzeko». Jaietan ere zabalduko duten erasoen aurkako adierazpena irakurri du: «Ondo pasa, baina beti errespetatuz; jaietan ere, ezetz beti da ezetz. Sentitu zaitez libre eta azaldu zaitez nahi duzun bezala; inork ez du zure ordez erabakiko, ezta zuk inoren ordez ere. Errespetatzen ez bazaituzte, eskatu laguntza. Aste Nagusian, errespetu nagusia».

Bilboko Konpartsak ere elkarlanean aritu dira udalarekin, baita gizarte eragileekin ere. Izan ere, Eneritz Enderika Solaun konpartsakideak dei egin dio herritar orori, haiekin bat egin dezaten. «Ez gaitezen konplize izan, ez gaitezen isildu, zaindu dezagun elkar». Azpimarratu du jaigunea eremu segurua dela herritar ororentzat, eta guztien ardura dela jaiak «atseginak eta errespetuzkoak» izatea denontzat.

Enderikak argi utzi du eraso oro «irmo» gaitzetsiko dutela, eta erantsi ez dutela onartuko txosnen aurkako erasorik. «Jaietan edonor da ongi etorria, baina ez edozein jarrera». Konpartsakideak zehaztu duenez, erasoen erantzuna kolektiboa izango da, eta erasoa jasandakoa babestuko dute, haren behar eta nahiak errespetatuta: «Esku artean ditugun tresna guztiak eskainiko dizkiogu, eta ondoan edukiko gaitu berak aukeratutako bidean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.