Bilboko udaltegietako eta kiroldegietako ikastaroen %2 baino gutxiago dira euskaraz

Helduen aisialdiko eskaintza aztertu du Guka euskaltzaleen mugimenduak, eta «iraingarri» jo ditu datuak: 21 udaltegietan lau ikastaro baino ez dira euskaraz, eta 11 kiroldegietan, bakarra.

Iazko abenduaren 3an, Euskararen Egunaren harira, Gukak Bilbon egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iazko abenduaren 3an, Euskararen Egunaren harira, Gukak Bilbon egindako manifestazioa. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko apirilaren 17a
11:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko euskaltzaleen Guka mugimendua iaz hasi zen salatzen hiriburua «erdalduntze makina bat» dela, eta orain datuen bidez erakutsi nahi izan du euskaraz bizi nahi duten herritarrak ezinbestean erdarara bultzatzen dituztela hainbat jardunek. Horretarako, helduentzako kirol, aisialdi eta kultura eskaintza aztertu dute, eta ondorioztatu dute euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» dela. Ikasturte honetan, udaltegietako ikastaroen %1,2 dira euskaraz, eta kiroldegietako jardueren %1,7. Kultura eskaintzari dagokionez, urtarriletik martxorako ekitaldien %11 izan ziren euskaraz. Datuak «negargarriak» eta «iraingarriak» dira, Gukaren iritziz: «Ez dira hizkuntza ofizial baten datuak, guztiz zokoratutako eta baztertutako hizkuntza komunitate batenak baizik».

Bilboko Udalak berak plazaratzen dituen datuak hartu dituzte oinarrian azterketa egiteko. Hala, udaltegien jardunak utzi ditu emaitzarik txarrenak: ikasturte honetan, 321 ikastaro eta tailer eskaintzen ari dira hiriburuko 21 udaltegietan, eta horietako lau baino ez dira euskaraz. Kulturaren arlokoak dira laurak; hau da, Bilbo osoan euskarazko eskaintzarik ez dago adinekoentzako osasun ikastaroetan (102), aisia eta kirol ikastaroetan (109), ezta berdintasun tailerretan ere (25). Guztira, 5.419 toki daude jarduera horietan, eta euskarazko lau ikastaro horietan 48 leku baino ez dira euskaraz: %0,9.

Datuak «negargarriak» eta «iraingarriak» dira, Gukaren iritziz: «Ez dira hizkuntza ofizial baten datuak, guztiz zokoratutako eta baztertutako hizkuntza komunitate batenak baizik».

Kirol eskaintza publikoak utzitako datuak ez dira askoz hobeak. 11 kiroldegietan —Azkuna zentrokoa ez dute kontuan izan; Bilbo Kirolak erakundean txertatzeko prozesuan da— 16 urtetik gorakoentzat antolatutako ikastaroak jarduera unitatetan zenbatu dituzte —astean zenbat aldiz ematen den ikastaro bakoitza—: igerilekuko 178 jardueretan ez dago bat bera ere euskaraz, ezta kirol egokituko zazpietan ere; aretoko jardueretan, 801etik hamazazpi dira euskaraz.

Alegia, helduentzako eskaintzaren %2 baino gutxiago da euskaraz, eta, Gukak zehaztu duenez, horien erdiak baino gehiago umeekin batera egiten diren jarduerak dira. «Gordin esanda, eskaintza osoan helduek bakarrik egiten duten ikastaro bakarra dago euskaraz: eskalada, Errekalden, astean sei egunez».

Kulturan, zertxobait gehiago

Eskaintza kulturala, berriz, urteko lehen hiru hilabeteetan neurtu dute, Bilbao Agenda Kulturaren egutegia aztertuta. 883 ekitaldi zenbatu dituzte, eta horietatik 99 izan ziren euskaraz: %11. Martxoan izan ziren horietako 44, orduan egin baitzen Loraldia jaialdia, «seguruenik urte osoan euskaraz gehien programatzen den garaietako bat». Gainerakoa aztertuta, Gukak nabarmendu du euskarazko eskaintza osoaren erdia baino gehiago lau eragilek sustatu dutela: Kafe Antzokiak, Birak, Zirikak eta Hika Ateneoak. «Herri ekimenetik sortutako kulturguneak ari dira euskaraz programatzen».

Zinemetako eskaintza ere aztertu dute; zehazki, otsailaren 12tik martxoaren 12ra Zubiarte, Golem Alhondiga eta Multicines aretoetan emandako filmak —haurrentzako pelikulak ere kontuan izan dituzte—. Hilabete horretan, 1.289 emanaldi izan ziren, eta soilik bi euskaraz, Maspalomas filmarenak; %0,016 da hori. «Egia da urteko beste sasoi batzuetan euskal filmak egon direla ikusgai, baina neurtutako film gehienak gaztelaniara bikoiztuta edo azpidatzita zeuden, gutxiengoa zen jatorriz gaztelaniaz sortua».

Norabide aldaketa

Erdalduntze makina «metafora huts» bat baino gehiago dela agerian utzi nahi izan du Gukak azterketaren bidez, baina «bilbotarron hizkuntza jardunean eragiten duten faktoreen» lagin bat besterik ez da, adierazi dutenez. Euskaltzaleen mugimenduak gogora ekarri du Bizkaiko hiriburuan 350.000 pertsona bizi direla eta 100.000 inguru direla euskaldunak: «Euskaldun gehien dituen eremu geografikoa da Bilbo, baina eguneroko egoerek eta emozioek ez dute gezurrik esaten: Bilbo ez da hiri atsegin bat euskaldunontzat». Azterketak utzitako datuen atzean erabaki politiko bat dagoela erantsi du: «Euskarazko eskaintzarik ez egiteko erabakia, komunitate linguistiko oso bat baztertzekoa, euskaldunok albo batera uztekoa».

Hala, «premiazkotzat» jo dute norabidea aldatzea. Batetik, Bilboko Udalari eskatu diote euskaraz jarduera gehiago antolatzeko: «Euskarazko eskaintzak gutxienez erdarazkoaren parekoa izan behar du». Bestetik, «politika publiko aktiboak» galdegin dituzte euskaraz programatzen duten «arnasguneei laguntzeko, baita arnasgune eta dinamika berriak sortzeko ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA