Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadin jakinarazi du Bilboko Udaltzaingoak zigorra ezarri eta diziplina espedientea irekiko diela Aste Nagusian liskar batean parte hartu zuten bi udaltzainei. Halere, Udaltzaingoa bi agenteak ikertzen ari den arren, oraingoz, horietako bati bakarrik jarri diote zigorra, «bide publikoan txiza egiteagatik».
Bilboko Konpartsek poliziaren «indarkeria» eta udalaren jokabidea salatu zuten joan den asteartean egin zuten elkarretaratzean. Bertan jakinarazi zuten, besteak beste, Kranba txosnaren kanpoko aldean «bi mozkor» txiza egiten ikusi zituztela. Bertako konpartsakide batzuk beraiengana joan ziren txosnagunea errespeta zezatela eskatzeko. Adierazi zutenez, konpartsakideek bi lagunei egindako eskaeraren ostean, horiek «oldartu» egin ziren, eta konpartsakideei eraso egin zieten. Gehitu zutenez, eraso egin zieten konpartsakideek mehatxuak jasan zituzten hurrengo: «Uniformea janztean bizitza ezinezko egingo dizut, eta, bestela, hilko zaitut» eta «Nire mutil laguna ukituz gero, hilko zaitut», adierazi zieten, gazteleraz. Orduan, konpartsen arabera, mehatxugileetako batek bere burua zerbitzuz kanpoko poliziatzat identifikatu zuen, eta azaldu zuten segituan 30 udaltzain inguruk konpartsakideak inguratu zituztela eta eraso egin zietela. Bitartean, hasierako bi erasotzaileek ihes egin zutela azaldu zuten Konpartsek.
Aburtoren bertsioa ez da guztiz berdina: «Bi pertsona txosna batean pixa egiten hasi ziren, eta txosnakideek errieta egin zieten, baita garagardo katxiren bat bota ere. Horrek liskarra sortu zuen; eta, horren berri izanda, udaltzainak bertaratu ziren, zer gertatzen ari zen ikusteko». Gehitu duenez, liskarraren ondoren bi pertsona horiek identifikatu zituzten, eta zerbitzuz kanpo zeuden udaltzainak zirela jakin zuten. Gertatutakoa ikusirik, Bilboko alkateak azaldu du jarduera hori ez dela Udaltzaingoarena: «Ekintza mota hori ez da Udaltzaingoarena; medikuak, arkitektoak edota iturginak izan zitezkeen».
Liskar horretan Udaltzaingoak izan zuen jarrera ez zen Konpartsek astearteko elkarretaratzean salatu zuten gertaera bakarra. Jakinarazi zutenez, Aste Nagusiko bigarren egunean, Udaltzaingoak kaleko bi saltzaileri lan tresnak kendu zizkien. Duela bi aste ere emakume bat atxilotu zuten, udaltzain batek kaleko saltzaile bat atzematea galarazteagatik.
Aburtok nabarmendu du «poliziaren indarkeria» ez dela «existitu» Bilboko Aste Nagusian. Gainera, salatu du batzuek «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren aldez aurreko gaitzespen testuinguruan gertatutako ekintzak nabarmentzeko interesa» dutela. Horren harira, ziurtatu du lanean ari ziren polizien jarduna «zuzena» izan zela: «Gatazka bat zegoen, eta Udaltzaingoa gatazka hori konpontzera joan zen». Horren harira, ERNE, ESAN eta Sipe sindikatuek konpartsen «hipokrisia» eta «errealismo falta» salatu dute. Haien ustez, Bilboko Udaltzaingoaren aurkako «jazarpen kanpaina» bat egin dute. Horrez gain, alderdi politiko guztiak publikoki posiziona daitezela eskatu dute.
Bestalde, Bilboko alkateak adierazi du Aste Nagusian «herritarren segurtasunean» jarri dutela arreta: «Udal bat gobernatzeko erantzukizuna dugunok oso argi izan behar dugu zein diren herritarren beharrak, eta Bilboko Udalak ahalegin handia egin du; Bilbon inoiz baino gehiago handitu dugu udaltzain taldea, ia 900 udaltzain izateraino». Gehitu du, lanpostuen zabalpen hori egin dela «herritarrek eskatu» dutelako: «Segurtasuna lehen kezketako bat bihurtu da, eta nik hari erantzuteko betebeharra dut. Konpartsak gorabehera, Bilboko alkateak eta Udalak herritarren eta jaietara bertaratzen direnen segurtasuna zaintzen jarraituko dute».