Shigellosiak eragindako sintomak dituzten bost lagunen kasuak detektatu ditu Osakidetzak Bilbon egunotan. Bakterio batek hesteetan eragindako infekzio bat da shigellosia, eta sukarra, sabeleko mina eta beherakoa dira sintomarik ohikoenak. Bost kasuren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, baina onartu du baieztatzeko daudela oraindik beste zenbait. El Correo egunkariaren arabera, hogei bat lagun eritu dira dagoeneko, eta eskola baten inguruan agertu dira kasu guztiak.
Osasun Saila ikertzen ari da zerk eragin dituen kasuok. Saileko epidemiologoak ari dira lan horretan, Bilboko Udalarekin lankidetzan. Gorozkiekin-eta kontaktuan egoteagatik sortzen da gaitza, baina, adierazi dutenez, eriek edandakoak eta jandakoak-eta aztertuta, oraindik ez dute atzeman higiene falta erakusten duen inolako arazorik edo irregulartasunik. Oinarrizko prebentzio neurri moduan, osasun agintariek gogorarazi dute oinarrizkoa dela jan aurretik eta komunera joan ondoren eskuak garbitzea. Azaldu dute, halaber, higiene eskaseko tokietan errazagoa dela gaixotasuna hedatzea.Â
Kasurik gehienetan, infekzioak hobera egiten du lau-zazpi egunen bueltan. Hala ere, adinekoen eta ume txikien artean izan liteke osasun arazo larriagoen abiaburu ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du orain arte erregistratu dituzten paziente guztiak hobera egiten ari direla.