EH Bilduk proposatuta, Bilbon bost etxebizitza baino gehiago dituztenak jabe handitzat hartuko dituzte —orain arte hamar etxebizitza baino gehiago zituztenak jotzen zituzten etxejabe handitzat—. Onartutako neurriaren ondorioz, hemendik aurrera etxebizitza horien alokairuen prezioa legez mugatu ahal izango dute, hau da, Erreferentziazko Prezioen Indizearen arabera alokatu beharko dira, eta ezin izango dira %3 baino gehiago handitu. PPk ez gainerako taldeek babestu dute proposamena.
Bilbo etxebizitza arloko tentsio handiko eremu izendatu izanak bidea ireki du gisa horretako neurriak hartzeko. Besteak beste, alokairuen prezioen igoera kontrolatzea aurreikusten dute, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea eta etxebizitzaren funtzio soziala indartzea. Bilbon 21.000 familia inguru bizi dira alokairuan.
4.500 etxebizitza baino gehiago
EH Bilduko Karlos Renedok azaldu duenez, gaur egun Bilbon 112 etxejabe daude 11 etxebizitza baino gehiago dituztenak;Â 1.500 pisu inguru. Neurri berria ezarrita, 618 izango dira etxejabe handiak, eta 4.500 etxebizitza baino gehiago izango dira. Etxejabe horiek alokairuaren prezioak murrizteko eta kontratuak luzatzeko betebeharra izango dute aurrerantzean, Renedoren arabera.
EH Bilduko zinegotziak azaldu du neurriak aukera ematen duela hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzeko, Bizigune programan sartzeko aukera irekita. «Ez da bidezkoa, milaka pertsonak etxebizitza baterako sarbidea ez duten bitartean, gutxi batzuek milaka etxebizitza merkatuan pilatzea». Elkarrekin taldeko Ana Viñalsen ustez, berriz, neurriak bide bat irekiko du hiru edo lau etxebizitza dituztenak ere etxejabe handitzat hartuak izan daitezen.
Udal gobernutik, Yolanda Diez Etxebizitza zinegotziak azpimarratu du etxejabe handien figura «tresna orekatua» dela, «alokatzaile txikia babesten duelako eta etxebizitzaren funtzio soziala indartzen duelako». Haren ustez, etxejabe handia izendatzeko etxebizitza kopurua murriztu izana ez da inor «zigortzea», baizik eta merkatuan eragin handia duten etxejabeei erantzukizuna eskatzea.
PPk, aldiz, kritikatu egin du neurria, uste duelako ez duela merkatuaren egoera hobetuko, eta etxejabeengan ziurgabetasuna sortuko duelako.