Gertakari lazgarria izan da gaur goizean Bilbon. Solokoetxe auzoan, kalean, borroka bat izan da goizeko zazpiak baino lehentxeago, eta gizon bat sastakatu dute. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako ospitalera eraman dute, baina han haren heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin. Ertzaintzak, oraingoz, ez du inor atxilotu.

Poliziak ikerketa hasi du gertatutakoa argitzeko, eta agente ugari elkartu da ezbeharra gertatu den tokian, hura argitzen lagundu dezaketen proben bila. Hildakoaren inguruko daturik ez dute eman.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:45ak zirela jaso dute abisu bat, eskatuz Polizia bertaratu zedila Fika kalera, Santutxu eta Alde Zaharraren artean. Borroka bat izan dela eta lagun bat zaurituta zegoela zioen abisuak. Lekukoek El Correo egunkariari kontatu diotenez, hildakoa ziplo erori da, eta borrokan ari ziren gainontzekoek korrika egin dute ihes.

Hasien, Ertzaintzak uste zuen erasotzaileak Zumarraga kaleko atari batean ezkutatuta zeudela, eta bertara sartu ere egin dira, baina alferrik.