Bilbon ia 7.000 etxebizitza huts daudela ondorioztatu du udalak ikerketa baten bidez

Bilboko Udalak etxe hutsen lehen diagnostikoa egin du. Bi urte baino gehiagoz egoera horretan egondakoak alokairuaren merkatura bideratzeari ekingo diote 2027an.

Etxe batzuk eraikitzeko lanak, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Etxe batzuk eraikitzeko lanak, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
2026ko uztailaren 15a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Udalak azterketa bat egin du jakiteko hiriko zenbat etxebizitza dauden hutsik, eta zera ondorioztatu du: Bilbon ia 7.000 etxebizitza huts daudelako «zantzuak» dituzte; hau da, 25 etxetik bat —%4,2—. Yolanda Diez Etxebizitza Saileko zinegotzi ordezkariak azaldu duenez, etxebizitza horien egoera zehazki zein den jakitea da hurrengo pausoa, jabe bakoitzarekin hitz eginda eta haiei udalaren laguntza eskainita. Etxe hutsak alokairuan jartzea da udalaren asmoa, eta hurrengo urtearen hasieran aurkeztu gura dute hori izapidetzeko udal ordenantza.

Bilboko Udalak ur kontsumorik gabeko etxebizitzak edo kontsumo gutxikoak jo ditu etxe hustzat, baita inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzak ere. Dena den, Ikei aholkularitzak argitu du —hark egin du ikerketa— balitekeela etxe horietako asko «kausa justifikagarriak» direla-eta egotea hutsik: osasun edo lan arrazoiengatik, salgai edo alokairuan daudelako, birgaitze lanak egiten ari direlako edo ez dituztelako gutxieneko baldintzak betetzen inor han bizi dadin. Horregatik esan dute ez direla datu zehatzak.

Etxe huts horietatik 3.800etan ez dago inor erroldatuta (%54,4). 2018ko datuekin alderatuta —orduan egin zuen aurreneko analisia Bilboko Udalak—, gaur egun 436 etxebizitza huts gutxiago daude; eta urte hartan hutsik zeuden 1.591 etxek berdin jarraitzen dute. Dena den, zinegotziak argi utzi du ez dagoela jakiterik ea bitarte horretan guztian hutsik egon ote ziren edo ez.

Ibaiondoko barrutia da (Atxuri, Zazpi Kaleak, Miribilla...) etxe huts gehien duena: 1.378 guztira. Txostenaren arabera, ia barruti guztietan jaitsi da etxe hutsen ehunekoa azken zortzi urteetan. Ibaiondo eta Deustu dira salbuespenak: lehenbizikoan igoera txikia egon da, eta bigarrenean antzera mantendu da kopurua.

Hurrengo pausoak

Zer egingo du Bilboko Udalak diagnostikoarekin? Etxebizitza hutsen ordenantza tramitatzen hasiko da irailean. Araudi horrek zehaztuko du zein izango den etxebizitza bat hutsik dagoela deklaratzeko prozedura. Era berean, esan dute inbentarioa eguneratzen jarraituko dutela eta aldaketa horiek automatikoki erregistratuko direla. Gainera, etxebizitza hutsen jabeak identifikatu nahi dituzte. Etxe hutsen deklaraziorako espedienteak ere abiatuko dituzte beharrezkoa denean.

Diezek azaldu duenez, etxejabeak zigortu behar ez izateko, informazio, laguntza eta aholkularitza kanpaina bat abiatuko dute lehenbailehen, etxe hutsak merkaturatzearen beharraz kontzientziatzeko, bereziki jabeentzat: «Jabeen eskubideak eta maizterren eskubideak errespetatu nahi ditugu, eta ez dugu ezer inposatu nahi». Gaur-gaurkoz, ogasun higiezinen gaineko zergan %25eko errekargua ezarria die Bilboko Udalak etxe hutsen jabeei; datorren urtetik aurrera, %75ekoa izango da.

Zenbat jabe handi

EH Bilduko Maria del Riok esan du ordenantza «beharrezko» pausoa dela, nahiz eta ez izan etxebizitzaren alorrean hartu beharreko neurri «bakarra». Bi eskaera egin ditu. Alde batetik, prozesu osoaren gutxi gorabeherako egutegia galdegin du. Horri buruz, Diezek erantzun dio lehenik etxe hutsen jabeentzako sentsibilizazio kanpaina abiatuko dutela, irailean ordenantzaren tramitazioa hasiko dutela eta abendurako lehen onarpena izatea espero dutela. Horrez gain, adierazi du 2027ko maiatzerako «dena eginda eta martxan» egotea espero dutela.

Bestetik, EH Bilduko zinegotziak galdetu dio zenbat etxe huts dauden jabe handien esku; hau da, zenbatek dituzten bost etxe edo gehiago. Diezek ez du erantzun argirik eman: «Ez dakigu, ezin dugu definitu, datu gehiago gurutzatu beharko ditugu». Nolanahi ere, ziurtatu du jabe horien etxeak bideratuko dituztela alokairuaren merkatura: «Lehenik jabe handien etxebizitzak mobilizatuko ditugu». EH Bilduk jakinarazi du mozio bat aurkeztu dutela eta «jabe handien esku dauden etxebizitza hutsak berehala mobilizatzea» dela bide orriaren helburua; irailean eztabaidatuko dute.

Ildo beretik, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Ana Viñals kritiko agertu da. «Bost urte berandu goaz, dekretua 2021ean onartu baitzen». Horrekin batera, zalantzan jarri du jabe handi kontzeptua, Bilbon hiru edo lau etxe dituzten 1.200 jabe daudela ziurtatu baitu. EAEko Etxebizitza Legeak hamar etxe edo gehiago dituena izendatzen du hala, baina Bilbon bost etxebizitzetan jarri zuten langa. Diezen ustez, «errealista» izan behar da, jende «askok» baititu bost etxe edo gehiago. Viñalsek gaineratu du 2021etik ez dela etxe hutsik mobilizatu Bilbon, eta uste du «bat, berrehun edo 1.200 izan» etxe horiek merkatura ateratzeak arazoa konpontzen lagunduko duela.

Etxe gehiago eraiki

PPko Esther Martinezek adierazi du 14.187 bilbotar daudela Etxebiden izena emanda, eta datozen hogei urteetan 15.000 etxebizitza eraiki ahal izateko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra onartuta dutela. Alde horretatik, «porrot» gisa kalifikatu du udalaren bide orria, jabeei eta maizterrei «kalte egiten» dielakoan. Horregatik, etxe gehiago eraikitzeko eta horretarako prozedura administratiboak errazteko eskatu du.

«Ez dugu inoiz ahaztu behar Bilboko etxejabe handia udala dela. Izan ere, udal etxebizitzen inguruko datu ofizialen arabera, 4.225 etxe ditu, eta horien artean %5 hutsik daude: 31 esleipen prozesuan daude; 101, obretan edo birgaitze lanetan; 118 ez dira bizitzeko egokiak; 52 ez dira bizitzeko erabiltzen, eta beste batzuk beste entitate batzuei utzi dizkie. Udal etxebizitzetan gertatzen dena, horixe bera gertatzen da Bilboko gainerako etxebizitzetan ere», esan du Martinezek. Udalak erantzun dio udalaren etxe huts gehienak «kausa justifikagarriengatik» daudela hala eta, ondorioz, ezin direla alokairurako erabili.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA