Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Radio Euskadin baieztatu duenez, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean azalpenak emateko agerraldia eskatu du, eskola garraioaren adjudikazio prozesuan «interes gatazkarik» ez dela egon defendatzeko. Joan den ostiralean Vocento taldeko egunkariek argitaratutako informazioek sortutako zalapartarekin «harrituta» azaldu da Bildarratz, eta ukatu egin du Gipuzkoako eskola garraioaren adjudikazio prozesuan irregulartasunik egon denik.
Hezkuntza Sailak modu irregularrean jokatu izana ezeztatzeko, hainbat datu eman ditu Bildarratzek. Alde batetik, esplikatu du Joanes Labaienen enpresak eskainitako garraio ibilbide guztien «% 3,2» baino ez zituela jaso –467 guztira–, eta, gainera, hamabost ibilbideetatik hamabi hutsik zeudela, enpresa bakar bat ere ez zelako aurkeztu. Halaber, azpimarratu du adjudikazio horiek Hezkuntza Sailari atxikita ez dagoen Kontratazio Mahai Orokor batean ebazten direla, eta horko erabakiak «parametro erabat teknikoekin» hartzen direla.
Azaldu duenez, adjudikazio prozesua egin ondotik Hezkuntza Sailak Cuatrecasas abokatu bulegoa kontratatu zuen, hutsik geratu ziren ibilbideetako aferan laguntza juridikoa emateko. Labaienek egin zituen abokatu lanak auzi horretan – abokatu bulego horretako ordezkaria ere badelako, garraio enpresa bateko administrazio kontseilariaz gain–. Beraz, Labaienek lizitazio prozesua amaitu zenean hartu zuen parte, Bildarratzek azaldu duenez. Bildarratzek argudio horiekin erakutsi nahi izan du ez zela inolako irregulartasunik egon garraioaren adjudikazio prozesuan. Gainera, adierazi du Labaieni berari galdetu ziola bateraezintasun arazorik ote zuen aferan, eta hark ukatu egin zuela.