Hezkuntzan hautsak harrotu dituzte 2023-2024ko ikasturterako matrikulazioan egon diren aldaketek. Atzo, hezkuntzako eragile nagusiek prozesurako «gardentasuna» eskatu zioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Gaur erantzun du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, eta datuak eman ditu Eusko Legebiltzarrean. Haren esanetan, 2 urteko geletan matrikulatzeko 11.963 eskaera jaso dituzte. Horietatik %93,8 zerrendan aukeratutako lehenengo ikastetxean sartu dira; %3,8, beraiek aukeratutako beste eskola batean; eta %2,3ri administrazioak esan die zein eskolatara joan beharko duten. Zergatik? Bildarratzen esanetan, azken multzo horretako gehienek ikastetxe bakarra aukeratu zuten, baina zentro horretan leku nahikoa ez eduki eta gainerakoek familia horiek baino puntu gehiago zeuzkatenez, Hezkuntza Sailak esleitu behar izan die eskola.
Jaurlaritzak hainbatetan esan izan duenez, ikasleen banaketa orekatuagoa lortu nahi dute matrikulazioan egin dituzten aldaketen bitartez. Berrikuntza nagusia hauxe da: diru publikoz hornitutako eskola guztiek lekuak gorde beharko dizkiete ikasle zaurgarriei, eskolaren eragin eremuko zaurgarritasun indizearen arabera. Bildarratzen irudiko, aldaketek isla izan dute ikasgeletan. Gaur eman du datua: 2 urteko umeen ikasgelen %96,7tan hobetu edo mantendu egin da zaurgarritasun indizea, edo ez dute aldaketarik egin beharrik izan, eragin eremuko batez bestekotik hurbil zegoelako.
Dena dela, Bildarratzek argitu du orain publikatutakoak behin-behineko zerrendak direla, eta hilaren amaieran argitaratuko dituzte behin betikoak. Datu horiek eskuan dituenean, azalpenak emango ditu Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.
Sailburuak ez ezik, EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek ere hizpide izan du gaia. Nabarmendu du ulertzen dituela «kezka eta ezinegona», baina «lasaitasuna» eskatu du: «Segregazioari aurre egitea denon ardura da».
Ikastolek, protestak
Prozesuaz kexatu diren eragileetako bat da Ikastolen Elkartea. Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak BERRIAri esan dio egoera zaurgarrian dauden familiak banatzearen filosofiarekin bat datozela. Baina prozesuak «gardena» izan behar duela adierazi dute ohar bidez: «Euskal Hezkuntza Sistema osatzen dugun ikastetxe guztiok matrikulaziorako baldintza berak izatea exijitzen dugu. Hori gertatzen ez den bitartean, ikastoletan matrikula eskaera egin duten ikasle guztiei eusteko konpromisoa hartzen dugu, eta, ondorioz, ez ditugu beste zentro batzuetara bideratuko».
Hori ikusita, Ikastolen Elkarteak gaurko protestara deitu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastola guztiak.