Bildu babesteko, bakean aurrerapausoak emateko baldintza jarri du Aralarrek

2012rako deitutako kongresua «irailera edo urrira» aurreratuko dutela jakinarazi du Patxi Zabaletak

Ubera, Abril, Romeo, Ezenarro, Zabaleta eta Jimenez, atzo, Aralarrek Donostian eginiko batzarrean. G. GARAIALDE / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gipuzkoako Foru Aldundia osatzeko Bilduk eta Aralarrek «programa arloan» akordioak lortzea gerta daitekeela adierazi du Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Baina gaineratu du bakean eta normalizazio politikoan «aurrerapausoak» eman behar direla alderdiak eta koalizioak akordio bat erdiesteko: «Arlo horietan aurrerapausoak gertatzea ezinbestekoa da beste era bateko akordioak lortzeko». Jakinarazi duenez, Aralarrek baketzearen inguruko agiri bat helarazi dio Bilduri, eta koalizioaren erantzunaren araberakoa izango da Aralarrek Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartuko duen jarrera.

Aralarrek batzarra egin zuen atzo, Donostian, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak eta balizko gobernu osaketak aztertzeko. Alderdiak 2012. urterako zuen antolatua kongresu bat, baina hura aurtengo «irailera edo urrira» aurreratzea erabaki dutela jakinarazi du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak. Haren arabera, ezohiko kongresuaegingo dute: «Hurrengo Espainiako Kongresurako hauteskundeetan izan beharreko jarrera erabakitzeko eta egoera politiko bakoitzean egiten eta jasotzen ditugun elkarlanerako proposamenak aztertzeko».

Ezenarrok azaldu duenez, Aralarrek ez du Bilduren aldetik Gipuzkoako Foru Gobernuaren parte izateko eskaintzarik jaso, eta hori gertatzeko lehenbizi Martin Garitano Bilduko hautagaia ahaldun nagusi izendatu behar dutela ohartarazi du: «Inbestidura saioa nola joaten den ikusi behar da oraindik». Saio horretan Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak emango duen botoa ez dutela oraindik erabaki argitu du Ezenarrok: «Hurrengo egunetan izango ditugun batzarretan gertatzen denaren araberakoa izango da erabaki hori».

Gernikako Itunetik baketzera

Ezenarroren ustez, iragan maiatzeko hauteskundeetan Bilduk jasotako agindu nagusia ez da izan erakundeen kudeaketa— «hura ere bai», gaineratu du—, bake prozesuaren kudeaketa baizik. Koalizioak baketzea «atzeraezin» bihurtzeko eginbeharra duela iritzi dio Ezenarrok. Eginbehar horretan, Gernikako Akordioa bere osotasunean betetzea ezinbestekotzat jo du legebiltzarkideak. Haren iritziz, akordioaren atal batzuetan aurrera egitea falta da, eta biktimen aitortza nabarmendu du horien artean.

Bestalde, Iñaki Dominguez Atxalandabasoren atxiloketa izan du ahotan Zabaletak. Haren iritziz, «gaur egungo egoerarekin zerikusi zuzenik ez duen gertaera» da atxiloketa. Ustez lehergailuak erosi izanagatik atzeman zuten Dominguez, eta ekintza horregatik epaitua izango delakoan da Zabaleta. Ordea, «eskandalua» deritzo ekintza jakinik leporatu gabe pertsonak atxilotzeari. «Soilik arrazoi politikoengatik pertsonak atxilotzea, epaitzea eta espetxeratzea da eskandalua», esan du. Hortaz, uste du Espainiak atzean utzi behar duela «XXI. mendean jasangaitza eta justifikatzen ezinezkoa den araudia» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.