Bildu: «Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik baztertu nahi gaitu EAJk»

Bigarren indar politikoa izan arren, Bizkaiko Mahaitik kanpo utziko du EAJk Bildu, PSEren eta PPren mesedetan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«EAJk bidelagunak hautatu ditu, eta argi geratu da ideia ezkertiarrak defendatzen dituen alderdi bakarra zokoratzearen aldeko hautua egin duela. Nahiago du mahaian unionista eskuindarrekin eseri». Bilduren Bizkaiko batzarkideek gogor egin dute Bizkaiko EAJren eta Andoni Ortuzar BBBko presidentearen kontra, Bildu Batzar Nagusietan baztertzea erabaki duela jakin baitu.

Astelehenean hasiko da Batzar Nagusiak osatzeko prozedura: Mahaiaren osaketa erabakiko da Gernikako Juntetxean. Presidentea eta bi presidenteordeak nortzuk izango diren erabakiko dute batzarkideek bozketa bidez, eta, idazkaritzak noren esku geratuko diren ere bai. Bilduk salatu duenez, EAJk ez ditu Mahaiaren osaeran «hauteskundeetako emaitzak errespetatuko», koalizioak «ahaldun nagusia eta bere gobernua kontrolatzeko» asmoa oztopatu eta isilarazteko.

EAJren ondoren, Bildu izan zen aukerarik bozkatuena Bizkaian, maiatzaren 22an. 22 batzarkide lortu zituen EAJk, 12 Bilduk, 9 PSE-EEk eta 8 PPk. Mahaia gehiengoak errespetatuta osatzea izaten da ohikoena. Baina, oraingoan, Bilduren hitzetan EAJk PSE-EErekin eta PPrekin egindako «akordio taktikoa» dela-eta, ez da hala izango.

Bilduk duen informazioaren arabera, Ana Madariaga jeltzaleak jarraituko du Mahaiko presidente, jeltzaleen botoei esker. Bi presidenteordeetako bat ere jeltzalea izan dadin bozkatuko dute, eta, bestea, PSE-EEk har dezan ahalbidetuko dute. Gauza bera egingo dute idazkaritzetarako postuekin. Informazio horien arabera EAJk hartuko du bat, eta bestea PPk har dezala utziko du. Bildu izango da, beraz, Mahaitik kanpo geratuko den bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.