Bildu erakundeetatik at uzteko prest azaldu da PSOE

Koalizioak hartutako azken erabakiak direla eta, Espainiako Gobernuak ohartarazi du badituztela legea betearazteko moduakLegez kanpo uzteko aukerari buruz, jarrera argitzeko eskatu dio Basagoitik Lopezi

joxerra senar
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako zein PSOEko agintari nagusiek mezua gogortu dute azken egunetan, eta hainbat ohartarazpen igorri dizkiote Bildu koalizioari. Gipuzkoako hainbat udaletan hartutako erabakien harira, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteordeakatzo esan zuen Bilduk «legea bete» beharra duela eta beteko duela. Ramon Jauregi Presidentetza ministroaren arabera, berriz, Bilduko ordezkari publikoak «legea betetzeko eta beterazteko» daudela. Jose Antonio Alonso PSOEko Kongresuko eledunaren esanetan, ez diote utziko koalizioari «erakunde demokratikoak kolonizatzea». Francisco Caamaño Justizia ministroa koska bat harago joan da, eta ohartarazi du legea bete ezean «erakundeetatik at» geratuko dela.

Adierazpen sorta horiek PSOEren komunikazio estrategiari erantzuten diotela ematen du. Udalak osatuta eta Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatuta, Rubalcaba asteburu honetan Bilbon izan da, eta militante sozialistekin bildu aurretik, adierazi du ETAri desegiteko eskatzen ez dion bitartean «egunez egun» Bildu «sinesgarritasuna galtzen» ari dela.

Rubalcabak atzo ere bide beretik jo zuen, eta argi utzi zuen Espaniako Gobernuak «legea, ordena eta demokrazia» betearaziko dituela. Dena den, paradoxikoki, Bilduren proposamenen iruzkingile ez duela bihurtu nahi eta koalizioari propaganda egiteari uzteko eskatu du. «Bilduko agintarien ateraldi bakoitzaren ondoren indar politiko guztiek azalpenak ematea zentzugabea dela deritzot».

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Euskal Herritik armadaren, Espainiako Poliziaren eta Guardi Zibilaren presentzia gutxitzeko egindako proposamenari buruz egin ditu adierazpenok. Rubalcabaren ezezkoa garbia da. «Guardia Zibila ez da joango, estatuak erabaki behar duelako eta ez duelako halakorik nahi». Haren esanetan, Bilduko ordezkariak eskatzeko «libre» dira; «nik, ordea, ezezkoa emateko betebeharra daukat, eta kito».

Rubalcabak Bilduren erabakien gaineko iruzkingile izateari uzteko nahia agertu arren, hainbat ministrok Bildu estutu nahi izan dute. Hala, Donostiako Udaleko osoko bilkuren aretoan Espainiako erregearen irudia kentzeko erabakia dela eta ez dela, Caamañok gogorazi du araudi batek halakorik egitea debekatzen duela eta Espainiako Gobernua «erne» egongo dela legea betetzen den zaintzeko. Espainiako Gobernua presoen espetxe baldintzak aldatuko ote diren galdetuta, Camaañok irmo ukatu du. «Ez dugu aldatu politika, eta ez dugu aldatuko».

Jauregik ere izan ditu Bilduren erabakiak hizpide. «Espero dut indarkeriatik polikaranzko isurbide bat izatea; norabide horretan doazela sinetsi nahi dut», esan du, batetik. Bestetik, Jauregik esan du legea betearazteko bideak badituztela.

EAEko PPko buruzagi Antonio Basagoiti ez da atzean geratu ohartarazpenak egiteko orduan. Haren ustez, Bildu legeztatzea «atzerapauso bat» izan da. Cope irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Basagoitik esan du PPk «atentatu bat bera ere gaitzetsi ez dutenak erakundeetatik at uzteko» ahalegina egingo duela: «Aukerarik txikiena dagoenean, aurrera egingo dugu». Gai horretan etorkizunean nondik joko duen argitzeko eskatu dio Lopezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.