Bildu ez dela lurraldeen arteko «truke jokoan» sartuko esan du Martin Garitanok

Gipuzkoan gauzak «nahiko argi» daudela berretsi du, emaitzak «nabarmenak» izan direlako

Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdiekin bigarren bilera txanda egingo du Bilduk datorren astean. Bilera horietan ez dela lurraldeen arteko «truke jokoan» sartuko jakinarazi du Martin Garitano ahaldungai nagusiak. Bilduk gutxiengoan gobernatzeko asmoa du Gipuzkoan, unean uneko akordioekin. Joan zen astean egin zuten aurreneko bilera txanda, eta orain bigarrena egingo dute, zehaztasunetara sartzeko asmoz. Uema Eguna egin zuten atzo Bergaran, eta Garitanok han berretsi zuen Gipuzkoan gutxiengoan gobernatzeko asmoa dutela. Gauzak «nahiko argi» daudela esan zuen, emaitzak «nabarmenak direlako».

Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkideak ere hitz egin zuen atzo Gipuzkoari buruz. EAJri hitz egin zion, eta ohartarazi zion ezin duela Donostian Bildu babestu eta batzar nagusietan eta beste herri batzuetan gainerako alderdiei botoak eskatzen ibili. «Batere koherentziarik gabe» aritzea egotzi zion alderdi jeltzaleari, eta akordioak norekin egin nahi dituen erabakitzeko: PP eta PSErekin edo Bildurekin.

EAJk aurretik esandakoa berretsi zuen. Ricardo Gatzaetxebarria legebiltzarkideak esan zuen PPk eta PSEk Bildu baztertzeko eskainitako akordiorik ez dutela onartuko. Bestalde, Araban EBrekin inbestidurako akordio bat egiteko prest agertu zen, eta hilabete honetan alderdi horrekin hitz egingo dutela jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.