EH Bildu Sorzabalen absoluzio epaiari buruz: «Gaur egun, isiltzea, tortura estaltzea da»

Sorzabalen epaiak izozmendiaren punta erakusten duela dio, eta erantzukizun politikoak argitzeko eskatu du.

 Iratxe Sorzabalen zauriak 2001eko atxiloaldiaren ostean. BERRIA
Iratxe Sorzabalen zauriak 2001eko atxiloaldiaren ostean. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 12a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EH Bilduko idazkaritza gaur goizean batzartu da, eta argitara atera du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu duen epaiari buruzko adierazpen bat. Atxiloaldian «tratu gizagabea» jasan zuela idatzi zuen beren-beregi Fernando Andreu epaileak. EH Bilduren oharraren arabera, epai horrek berresten du Espainiako Estatuak tortura tresna gisa erabili duela sistematikoki, eta «gaur egun,  isiltzea, tortura estaltzea» dela salatu du. Lehen aldia da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epai batek gisa horretako epai bat ematen duena. Epai horrek «izozmendiaren punta» erakusten duela diote oharrean.

Are gehiago, «erantzukizun politikoak bere gain» hartzeko eskatu du, «bizikidetza demokratikorako» ekarpen gisa. Pasa den ostegunean epaia jakinarazi zenetik hainbat hedabidek eta lider politikok gai horri buruz ezer ez dutela esan ere aipatzen du oharrak. Giza eskubideei eta zoru etikoari buruz hainbeste jarduten duten horien isiltasuna «ekintza konplize» bihurtzen dela salatu dute. «Isiltasunak sakondu egiten du torturarekin jardutean izan den inpunitatean. Isiltzea torturatzaileak estaltzea da». Egia, aitortza eta ordaina eskatu dituzte, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko oinarrizko baldintza gisa.

Epaiak zurian beltz aitortu du poliziek tortura erabili zutela tresna gisa, atxilotuak bere errua aitor zezan. Beste bi ondorio agerian utzi ditu epaiak, EH Bilduren irudiko: batetik, euskal herritar askok, tortura jasateaz gain, baldintza «anker eta izugarri» haietan egindako deklarazioengatik bete behar izan dituztela espetxealdiak; bestetik, «berretsi egin da badaudela giza eskubideen urraketa horien erantzukizuna oraindik ere beren gain hartu ez duten torturatzaileak. Giza eskubideen urraketa horien erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dute».

Epai hori «izozmendiaren punta» da, EH Bilduk esan duenez: «Milaka eta milaka izan dira torturatuak, Espainiako Estatuak antolatutako tresna eta estrategia gisa, Euskal Herrian onartu ez zuten konstituzio esparrua inposatzeko ahalegin etengabean».

Ondoren, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak torturari buruz esandakoak ekarri ditu gogora: «Tortura giza eskubideen urraketa nabarmena da. Inola ere ez da onartu behar torturatzaileen krimenak zigorrik gabe geratzea, eta torturatzeko modua ematen duen sistema desegin eta eraldatu egin behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.