hauteskundeen ondorena

Bilduk alkatetza lortuko du Tolosan, Zarautzen, Getarian, Zumaian eta Markina-Xemeinen, Aralarren babesarekin

"Bakea eta elkarbizitzarako neurriak eta ezkerreko politikak" jarraitzeko egingo du koalizioaren alkategaien alde. Azkoitian ere Bildu jarriko da agintean.

2011ko ekainaren 10a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Arrasaten, Aretxabaletan, Bergaran, Tolosan, Zarautzen, Getarian, Zumaian, Durangon eta Markina-Xemeinen Aralarrek Bilduren hautagaitzak babestuko ditu bihar, udalen eraketarako saioetan, herri horietako batzordeek akordioa lortu dutela jakinarazi duelako Aralarrek berak. Horrela, gehiengo osoa lortu ez zuen udaletan alkatetza hartuko du Bilduk: Tolosan, Zarautzen, GetarianZumaian eta Markina-Xemeinen. Horietan Bildu izan zen lehen indarra, Markinan izan ezik —EAJ nagusitu zen botoetan—.

"Bakea eta elkarbizitzarako neurriak eta ezkerreko politikak" jarri ditu Aralarrek mahai gainean adostasuna bilatzeko orduan, prentsa ohar batean esan duenez. "Urte luzeetako gatazka politikoa eta egun bizi dugun krisi ekonomikoa gainditzeko nahiak eta beharrak jendartearen arlo zabaletara hedatu du aldaketa politiko eta sozialaren aldeko aldarria”.

Aniztasunaren aitortza eta errespetua ezinbestekotzat jo dituzte akordioetan, Aralarrek dionez. “Euskal herritarrek gatazka politikoari loturiko indarkeria adierazpen guztiak gainditu eta etorkizuna ezberdinen arteko elkarrizketan, pertsona ororen eskubide guztien aitortzan eta herriaren hitzaren errespetoan oinarritzeko nahia” adierazi dute Aralarrek eta Bilduk.

Halaber, “soilik bide demokratiko, politiko eta baketsuak erabiltzeko konpromiso irmoa” agertu dute, “elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa” izanik gidalerroak. Hala, “edozein pertsonaren aurkako jazarpen, mehatxu edo bestelako jokaera antidemokratikoak arbuiatzeko eta errefusatzeko konpromisoa” hartu dute, Aralarren oharrak esaten duenez.

Deban, Alternatibaren zerrenda babestuko du Aralar-EB koalizioak. Han ez zen aurkeztu Bildu.

Albizturren, Zallan, Elgetan eta Beran Aralarrekoak izango dira alkateak. Albizturren eta Zallan gehiengo osoarekin, Elgetan lehen indarra delako —boto batera geratu zen Bildu—, eta Beran, Bilduk irabazi arren bozak, Aralarrek EAJren babesa jasoko duelako inbestidura saioan.

Azkoitian ere Bildu

Azkoitian ere Bilduk hartuko du alkatetza, Azkoitia Baik ez duelako EAJren alde bozkatuko; baliteke Bildu babestea. Bilduk irabazi zituen bozak, gehiengo osorik gabe: zortzi zinegotzi. EAJk sei ditu —lehen aldiz galdu ditu bozak—, Azkoitia Baik 2 eta PSE-EEk 1. Aralar Azkoitia Baiko kide da, independenteekin, Berdeekin eta EBrekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.