EH Bilduk burujabetzaren aldeko adostasuna eskatu dio EAJri, «aliantza neutralizatzaileak» utzita

Agur giroan igaro da gaurko kontrol saioa Eusko Legebiltzarrean. Lehendakariak bilera egingo du astelehenean 09:00etan Eneko Andueza PSE-EEko buruarekin, eta 09:30ean Andoni Ortuzar EBBko buruarekin.

Iñigo Urkullu gaurko kontrol saioan, Eusko Legebiltzarrean, Nerea Kortajarenari erantzuten. RAUL BOGAJO / FOKU
xabier martin
2024ko otsailaren 16a
13:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrean, agur giroaren kutsuarekin zipriztindu dute elkarrizketa bizi bat Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta EH Bilduko bozeramaile Nerea Kortajarenak, azken horrek zabaltzera doan aro berriaren inguruko galdera bat egin ondoren. «Hauteskundeen ondoren, zer ondorio izan beharko luke gobernagarritasunean abertzaletasunaren eta subiranismoaren indarra orain baino handiagoa izateak Legebiltzarrean?». Galdera osatzeko, Kortajarenak Urkulluri esan dio «ilusioa piztu» duela subiranismoak Ipar Irlandan eta Galizian, eta ezker independentistak «asmatzen» ari direla «momentua eta abagune historikoak irakurtzen».

Urkulluk ironiatik jo du erantzunean: «Ipar Irlandako Gobernuaren eredua hartuta, Euskal Herria Bildu, Euskadin, Vox eta Alderdi Popularrarekin gobernatzeko prest dagoela ondorioztatu dezaket».

Kortajarenak eskertu egin dio Urkulluri «umoretsu» etorri izana «bukatzen ari garen honetan», baina bete-betean sartu da EAJk azken urteetan PSE-EErekin garatu duen aliantza estrategian, garbi uzteko hark ez duela balio datozen erronka handiei aurre egiteko. «Hauteskundeen ondoren mandatu demokratiko bat jasoko dugu herritarrengandik», ohartarazi du Kortajarenak, eta erantsi du «itxura guztien arabera» mandatu horrek «ezkerreko politika publiko gehiago eta burujabetza gehiago» eskatuko dituela.

«Hemen jarri behar dugu ados lehenik. Eta, Urkullu lehendakaria, horrek guztiak izan beharko du eragina gobernagarritasunean».

NEREA KORTAJANERA EH Bilduko bozeramailea

Horiek horrela, aurreikusi du «aurrerapauso bat» eman beharko dela burujabetza politikoan, eta uda aldera zabalduko den legealdia «giltzarritzat» jo du «estatuarekin beste harreman bat» ezartzeko. «Hemen jarri behar dugu ados lehenik. Eta, Urkullu lehendakaria, horrek guztiak izan beharko du eragina gobernagarritasunean».

Nerea Kortajarena, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Nerea Kortajarena, gaur, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU

Bozen ondorengo aliantzen inguruko argudiatzeari segika, koalizioko eledunak ziurtatu du «aliantza neutralizatzailea» izan dela PSEren eta EAJren artekoa, galarazi egin ei duelako «ezkerreko politiketan eta burujabetzan aurrera egitea». Eta mintzaldia bukatu du garbi utzita «ziklo berria» hastera doala: «Erronka berriak eta aliantza politiko berriak behar ditugu, ez baztertzaileak eta pluralak».

Urkulluren erantzuna

Horra iritsita, inoiz despedida girorik izan bada, bat-batean desagertu da hori Urkulluren erantzun gogorrarekin. «Zer iruditzen zaizue argi hitz egiten badugu?», hasi da lehendakaria. Azpimarratu du bozak irabazi ez zituzten gobernuak babesten dituela EH Bilduk Madrilen, Katalunian eta Iruñean, eta «Euskadin irabazi zuen gobernua» ez duela babestu. Iruñeko aginte makila koalizioarena dela ere erantsi du, «hauteskundeak irabazi gabe», eta Jaurlaritzaren aurrekontuak ez dituela babestu, Gasteizko Udalaren aurrekontuak babestu dituen arren; «PSEk bozak irabazi ez bazituen ere». Gasteizen, PSErekin batera ari da gobernatzen EAJ, eta PPren babesa funtsezkoa izan zen bozen garaile EH Bildu aginte makilatik aldentzeko.

«Zuek zuen interesekoa bakarrik defendatzen duzue, baina bada zerbait are gehiago kezkatzen gaituena», jarraitu du Urkulluk: «Norekin gobernatu edo ez gobernatu argitzeko txartelak banatzen dituzue; galbahea nork pasatzen duen eta nork ez erabakitzen duzue, lehen babesten zenuten indarkeria estrategiarekin bezala, zeinak erabakitzen zuen nor zegoen sobran eta nor ez».

«Argi daukat zuen eredua asanblearioa eta iraultzailea, komatxo artean, dela oraindik ere. Ez dituzue onartzen gure herriaren aniztasuna, erakundeen ordezkaritza eta demokraziaren joko arauak».

IÑIGO URKULLU Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

Eta iraganaren erreferentzia utzi gabe egin du aurrera EH Bilduren aurka: «Argi daukat zuen eredua asanblearioa eta iraultzailea, komatxoen artean, dela oraindik ere. Ez dituzue onartzen gure herriaren aniztasuna, erakundeen ordezkaritza eta demokraziaren joko arauak, ez bada zuen interesak asetzeko».

PSE-EE, berdin jarraitzeko prest

PSE-EEko legebiltzarkide eta Lan sailburu Idoia Mendiak berretsi du EAJ-PSE dela aurrerantzean ere nahiko lukeen formula Eusko Jaurlaritzan, «herrialde plurala delako Euskadi» eta askotarikoen gizarte hori «babesteko» PSE beharrezkotzat jotzen duelako. Onartu du «desadostasunak» egon direla EAJrekin azken legealdian, baina erantsi du «leialtasunez» kudeatu direla, «liskarrik gabe». Eta azken lau urteotako gobernantza horren emaitza izan da, haren arabera, «Euskadi hobe bat» dagoela orain.

Horregatik, Mendiak uste du haren alderdiak EAJrekin duen aliantza tradizionalari segida eman behar zaiola bozen ondoren, horretarako aukera aritmetikoa bada.

Hauteskunde data

Urkulluk hauteskundeetarako eguna buruan duela aitortu arren, oraindik ez du publiko egin eta ez duela egingo berretsi du,  «filtrazioak saihesteko».
Lehendakariaren agendari erreparatuz gero, datorren astelehen goizean, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiarekin bilera bat egingo du Urkulluk, Ajuria Enean, 09:00etan. Eta ordu erdi beranduago, 09:30an, Andoni Ortuzar EAJren EBBko lehendakariarekin bilduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.