Bilduk dio errepresioaren biktimen alde lan egingo duela instituzioetan

«Oroimena» berreskuratzeko bidean auzitegi frankisten epaiak baliogabetu behar direla uste du

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gaur, 80 urte beteko dira Hego Euskal Herrian Errepublika aldarrikatu zenetik. Egun hori gogoan hartuta, Bildu koalizioak iragarri du «oroimena» berreskuratzearen alde lan egingo duela erakundeetan.Zehazki, gerraren eta errepresioaren biktimek dituzten eskubideen alde lan egingo duela agindu du. «Egia jakiteko, justizia eta erreparazioa bideratzeko, eta berriro ez dela gertatuko bermatzeko» lan egingo du koalizioak erakundeetan.

Izan ere, Bilduk uste du errepresio frankistak eragindako «beldurrak» oroimen historiko kolektiboa «anestesiatu» zuela eta oraindik orain horren ondorioak pairatzen direla. Bilduren irudiko, horren adibide dira sinbologia frankistak kalean jarraitzea eta erakundeek frankismoaren biktimen omenez adierazpen eta konpromisorik ez hartzea. «Ia 75 urteren ostean oraindik egia berreskuratzeko garaian gaude, zauriak non dauden eta zaurietan zenbateraino sakondu zuten aztertzeko garaian, hain zuzen».

Bilduk azpimarratu duenez, adiskidetzea ez da posible izango, batzuen «errua» eta besteen «sufrimendua» onartzen ez bada. Errepresioaren biktimen memoria berreskuratzeko bidearen «hasieran» baino ez gaudela uste du, eta, beraz, oraindik «justizia» egin behar dela. Horretarako, koalizioak uste du, besteak beste, auzitegi frankisten epai guztiak bertan behera utzi behar direla, ondoren erreparazioaren bideari ekin nahi bazaio.

«Konpromiso politikoarengatik» biktima politikoak izan diren pertsonen oroimena berreskuratzea «Oroimen Historikoak egiteko duen benetako lana» dela uste du Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.