EH Bilduk Espainiako Estatuari eskatu dio har dezala bere gain Martxoaren 3ko sarraskian izandako erantzukizuna

Koalizioak uste du «omenaldiez bestelako» pausoak emateko garaia dela, eta Espainiako Estatuari eskatu dio ikertzeko, artxiboak eskura jartzeko eta aitortza publikoari bide emateko. Sarraskiaren 50. urteurrenerako prestatutako ekitaldiak aurkeztu ditu.

Rocio Viterok eta Eva Lopez de Arroiabek aurkeztu dute EH Bilduk Martxoaren 3aren urteurrenerako antolatutako egitaraua. EH BILDU
Rocio Viterok eta Eva Lopez de Arroiabek aurkeztu dute EH Bilduk Martxoaren 3aren urteurrenerako antolatutako egitaraua. EH BILDU
edurne begiristain
2026ko otsailaren 7a
14:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, San Frantzisko Asiskoaren elizan batzarra egiten ari zirela. Gertaera lazgarri haiek askoren memorian iltzatuta daude oraindik, eta oroimen ekitaldiak egiten dira urtero, hildakoak eta zauritutakoak gogoan hartuta. Haatik, EH Bilduren ustez ezinbestekoa da omenaldiez bestelako urratsak egitea, eta egiari, justiziari eta erreparazioari dagokienez pausoak ematea. «Erantzukizunak hartzeko garaia da», adierazi du gaur Eva Lopez de Arroiabek, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak. Eta Espainiako Estatuari zera galdetu dio: «Noizko ikerketa bat? Noizko artxiboetarako sarbidea? Noizko estatuak izan zuen egitekoari buruzko aitortza publikoa?».

Lopez de Arroiabek Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuen jarrera jarri ditu adibidetzat. Gogorarazi du Alemaniako presidenteak jendaurrean aitortu zuela nazien gobernuak Gernikako bonbardaketan parte hartu zuela, eta Erresuma Batuak ere adierazpen ofizial bat egin zuela 1972ko Bloody Sundayn Derryn gertatutakoaz. Espainiako Estatuak, aldiz, ez du halako urratsik egin, EH Bilduko batzarkideak salatu duenez.

Horrez gain, Lopez de Arroiabek azpimarratu du 1976ko egoera politiko eta sozialak eta gaur egungoak badutela antzekotasunik: «1976an, diktadurak ugaritzen ari ziren Latinoamerikan, eta kezkaz ikusten dugu autoritarismoaren gorakada mundu osoan. Garai hartan Nixon, Videla eta Pinochet zeuden, eta, orain, Trump, Milei eta Kast». Autoritarismoaren gorakadaz ohartarazteaz gain, nabarmendu du beharrezkoa dela langile klasea berriz ere antolatzea, eskubide sozialen eta lan baldintzen alde egiteko.

Ekitaldiak 

Sarraskiaren 50. urteurrena dela-eta koalizio subiranistak antolatutako ekitaldien berri eman du Rocio Vitero Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledunak. Etorkizunarekin bat egin, askatasun haizea gara leloa hartuta ondu dute urtemugaren bueltako egitaraua. Martxoaren 3an, ekitaldi politikoa egingo dute Gasteizko Zuberoa plazan, 13:00etan, eta ordubete geroago, ohiko omenaldia egingo da San Frantzisko elizaren parean dagoen oroitarrian.

Horrez gain, erakusketa bat zabaldu dute gaur EH Bilduren Gasteizko egoitzan, azken urteetan Martxoaren 3ko gertakariak gogoratzeko egindako ekitaldien kartelak bilduta. Otsailaren 20an, bestalde, hitzaldi musikatu bat egingo dute egoitza horretan bertan, gertakarien inguruan sortutako 50 abesti oinarri hartuta.

Viterok gogoratu du EH Bilduk modua egin duela aurrekontuko diru sail bat gorde zedin urteurrenari lotutako ekitaldiak finantzatzeko, eta adierazi 2011tik San Frantzisko eliza memoriarako gune bihurtzea eskatzen ari direla, biktimen parte hartzea bermatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.