EH Bilduk «Euskal Herriak irudikatzen duen proiektura» batzeko deia egingo du Aberri Egunean

Iruñean elkartuko dira koalizio subiranistako kideak, eta manifestazioa egingo dute 'Zazpiak bat egin' lelopean.

Iazko Aberri Egunean egindako manifestazioa, Iruñean. JON URBE / FOKU
Iazko Aberri Egunean egindako manifestazioa, Iruñean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko otsailaren 10a
15:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk Zazpiak bat egin lelopean egingo du Aberri Eguneko mobilizazioa, beste behin ere, Iruñean. Hala, «Euskal Herriak irudikatzen duen proiektua» defendatuko du koalizio subiranistak. «Egitasmo horrekin bat egiteko deia izan nahi du apirilaren 5ekoak: faxismoari aurre egiteko, euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak bermatzeko, eta oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoa ikusita, euskararen biziberritzea defendatzeko», adierazi dute ohar batean. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira; tartean, manifestazio bat egingo dute, Golem zinemetatik abiatuta, 12:00etan.

EH Bilduk nazioarteko «ziurgabetasun» testuinguruari erreparatu dio, eta horri aurre egiteko «proiektu kolektiboak» sustatu behar direla adierazi. Hala adierazi zuen koalizioaren Mahai Politikoak ere, urtarrilean egindako interpretazioan. Nabarmendu zuen Euskal Herria eta, zehatzago, koalizioak xede duen Euskal Errepublika direla egoera horretan «ziurtasuna» eman dezaketenak, ordezkatzen dituzten balioak direla eta: «Erreferente antifaxista da, eta gai da justizia soziala eta bertako herritar eta gizarte sektore zabalen bizitzetan segurtasuna eskaintzeko».

Era berean, EH Bilduk ikurrina defendatu du, «duela 40 urte NATOri ezetz esan zion eta garai historiko honi aurre egiteko gai den Euskal Herriaren ikur nazionala». Hitz horien oinarrian, AEBetatik iritsi den azken berrietako bat dago. Alderdi Errepublikanoko zenbait ordezkarik Idahon, euskal jatorriko komunitate indartsu bat dagoen estatuan, ikurrina debekatzeko neurriak hartu nahi dituzte. Oinarrian LGTBI banderaren aurka egiteko asmoa dago, eta horretarako eraikin ofizialetan jarri ahalko diren banderen zerrenda bat egin nahi dute; besteak beste, ikurrina ere kanpoan utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.