EH Bilduk zalantzan jarri du Urkullu «zintzo» ari den bozen egunaren inguruan

Oihana Etxebarrieta koalizioko kanpainako bozeramaileak esan du legealdia «agortua» dagoela, baina lanean jarraitzen dutela «jakin gabe noiz arte» segitu ahal izango duten.

(ID_13228046) EH BILDU
Oihana Etxebarrieta, EH Bilduko kapainako bozeramailea. BERRIA
xabier martin
2024ko urtarrilaren 10a
13:30
Entzun

EH Bilduko kanpainako bozeramaile Oihana Etxebarrietak adierazi du koalizio subiranistak ez duela «arrastorik» Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiaren inguruan, eta ez dakiela Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria «zintzo» ari ote den ere esaten duenean berak ere ez dakiela noiz deituko duen bozetara. Hala, ez daki «benetan beste batzuek aginduko duten» ere erabaki hori hartzean.

ETB1 katean egindako adierazpen batzuetan, Etxebarrietak esan du legealdia «agorturik» dagoela nolanahi ere, eta «lanean jarraitzen» dutela «jakin gabe noiz arte» ariko diren. Horiek horrela, Etxebarrietak esan du hauteskundeen eguna noiz izango den ez jakiteak «ziurgabetasun handia» eragiten duela; «batez ere, mahai gainean eduki oso garrantzitsuak ditugulako oraindik».

EAJ-PSE eredua, «kronifikaturik»

EH Bilduk ez du «arrastorik ere» bozen deialdia dela eta. «Pixka bat kezkatzen gaitu, lehendakariak esaten duelako berak ere ez duela arrastorik, eta ez dakit hori oso zintzoa den edo benetan beste batzuek aginduko duten», azaldu du Etxebarrietak.

Hauteskundeen osteko aliantzei buruz galdetuta, EH Bilduko eledunak esan du «gehiago» hitz egin behar dela «proiektuei buruz», eta ez hainbeste aliantzei buruz, baina onartu du «aliantza politikoak eta sozialak funtsezkoak» direla «politika eraberritzeko». Adierazi du «udal eta aldundi askotan EAJ-PSE eredua kronifikatu» egin dela. Erantsi du «beste eredu batzuk» badaudela, eta Iparraldeko herrialdeetara begiratu behar dela; «proiekturi begira lortzen dira akordioak han, erreibindikazio zehatzei begira».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.