Bilduk gatazka politikoa aztertzea proposatuko du Parlamentuan

Koalizio abertzaleak dio beharrezkoa dela «Nafarroako Parlamentuan ere» eztabaida jorratzea

joxerra senar
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Bildu koalizioak txosten bat aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan gatazkaren arrazoi politikoak aztertzeko. Parlamentu taldeak komunikabideei igorritako oharrean nabarmendu duenez, txostenaren edukiak lantzen ari dira orain. Ekimen horren funtsa eztabaida politikoari heltzea da, eta akordioen bitartez «politika bakearen eta normaltasun demokratikoaren zerbitzura jartzea». ETAk jardun armatua uzteko erabakia hartuz geroztik, hainbat alderdik proposatu dute behin betiko bakea lortzeko foro eta mahaiak osatu behar direla. Hala, Bilduk uste du Nafarroako Parlamentuak ere eztabaida politikoari heldu beharko liokeela, eta horregatik aurkeztuko dute txostena.

Bilduk azpimarratu duenez, ezinbestekoa da politika «bakearen zerbitzura» jartzea: «Denon artean, bazterketarik gabe, behin betiko bakea lortzeko politika abian jarri behar dugu ». Orain arte Nafarroako eskuineko alderdiek, UPNk zein PPk, uko egin diote auzi politikoari heltzeari.

Patxi Lopez EAEko lehendakariak ez bezala, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak azaldu du ez duela alderdien arteko bilera sortarik sustatuko, ezta bestelako ekimenik bultzatuko ere. Eztabaidarako gune bakarra Nafarroako Parlamentua dela esan du behin eta berriz. Gobernuko beste bazkidea (PSN), berriz, bazterketarik gabeko elkarrizketa politikoari heltzeko prest azaldu da.

Alderdi horien jarrerak aipatu gabe, Bildu koalizioak uste du «ilusio garaiak» direla eta bakea zein normalizazio politikoa erdiestea «inoiz baino gertuago» dagoela: «Nafarroako Parlamentuak ilusio hori aintzat hartu behar du», eskatu du.

Bilduren ustez, bidezko bakearen alde gizarteak egindako apustuak, nazioarteko eragileen lanak, Aieteko Adierazpenak eta indarkeria ez erabiltzeko ETAren erabakiak ahalbidetu egin dute «indarkeriaren zikloa ixten eta normalizazio demokratikoa lortzen lagunduko duen elkarrizketari ekitea». Hala, Nafarroako Parlamentuak ere bere ekarpena egin behar duela iritzi dio koalizioak.

Herritarren hitza eta erabakia

Elkarrizketa politikoari begira, Bilduk oso garrantzitsutzat jo du «alderdikeriak» zokoratzea. Koalizioaren arabera, benetako konponbide baten oinarriak izan behar lukete proiektu politiko guztiek gauzatzeko aukera izatea eta herritarrek izatea «azken hitza eta erabakia». Bilduk azaldu duenaren arabera, alderdikerien gainetik «bakeak, justiziak eta demokraziak gailendu behar dute» eztabaida horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.