EH Bilduk guztira bederatzi milioi euroko balioa luketen proposamenak egin ditu Gasteizko Udaleko aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko. PSE-EEren eta EAJren udal gobernua gutxiengoan ari da gobernatzen, eta oposizioko talderen baten babesa behar du kontuak onar daitezen. Koalizio abertzaleak uste du Gasteizko zerbitzu publikoak indartu behar direla, eta mahai gainean jarritako eskaerak helburu hori betetzeko dira. PPk ere jakinarazi du prest legokeela udal gobernuaren aurrekontuak onartzeko, eta helarazi du segurtasunaren alorrean nahi dituela aldaketak; izan ere, esparru horretarako aurrekontua %30 handitzea proposatu du eskuineko alderdi horrek.
Bi egun geratzen dira aurrekontuei helegiteak jartzeko epea amaitu dadin, eta EH Bilduk Gasteizko Udaleko kontuei zer ekarpen egin nahi dien jakinarazi du gaur, prentsaurrekoan. Aurreko urtean, koalizioak ituna egin zuen gobernuko taldeekin, PSE-EE eta EAJrekin, eta aurtengo kontuei begira 40 zuzenketa erregistratu ditu; horien balioa bederatzi milioi euro da, betiere «zerbitzu publikoak indartzeko». Rocio Vitero eledunak azaldu du «negoziatzeko borondatea» duela EH Bilduk, «udal politikak beste bide bat har dezan gizartearen babeserako esparruan». Adinekoak babestea, etxebizitza sustatzea eta trantsizio ekosozialerako urratsak egitea aipatu ditu xede gisa.
Etxegabetzeen aurka
Beste zenbait proposamenen artean, bilkideen bozeramaileak adierazi du etxegabetzeen aurkako bulegoa sortu nahi dutela. Etxebizitzak zaharberritzeaz ere arduratuko litzateke bulego hori. Halaber, koalizioak turismo jasangarriaren aldeko proiektuak proposatu ditu, eta merkataritzarako errelebo plan bat ere bai.
PPk ere jakinarazi du zer-nolako zuzenketak erregistratu dituen udal kontuak babesteko. Iñaki García Calvo eledunak esan du «udal gobernuaren kontuen alternatiba» direla zuzenketa horiek; gehienak segurtasunaren eta etxebizitzaren esparruetan eginak direla. PPko zinegotziak salatu du udalak «gero eta aurrekontu handiagoa» duela eta «gero eta zerbitzu kaskarragoak» ematen dituela. Eredua aldatzeko eskatu du, eta horretan lagungarria litzateke, haren arabera, hiriaren segurtasunari dagokion aurrekontua %30 handitzea.
Izan ere, «kalean eta auzoetan polizia gehiago» ikusi nahi du PPk, «kamera gehiago eta taser pistola gehiago». Uste du okupatutako eraikinak «hustu» egin behar direla, eta helburu horretarako nahi du aurrekontua handitzea.
Gasteizko Udalaren 2026ko aurrekontu proiektua, PSE-EEk eta EAJk diseinatua, 507,5 milioi eurokoa da, joan den urtean baino %6,5 handiagoa. Arabako Foru Aldundian ere gutxiengoan gobernatzen dute jeltzaleek eta sozialistek, eta aurrekontuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioari esker atera dituzte aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundian egoera berean daude EAJ eta PSE, eta han ere Elkarrekin Podemosek eman dio foru gobernuari aurrekontuak aurrera ateratzeko modua. Beraz, ez litzateke ezuste handia Gasteizko Udalean ere ezker konfederalarekin akordioa egitea aurrekontuak onartzeko.