EH Bilduk irabaziko ditu bozak, EITB Focusen arabera

Inkestak dioenez, EAJk baino 2-3 eserleku gehiago lortuko ditu koalizioak, nahiz eta boto kopuru antzekoa bereganatu. PSE-EEk eta PPk zertxobait gora egingo dutela ere badio.

EH Bilduko gazteak boto paperak erakusten, atzo, Tolosan (Gipuzkoa) egin zuten ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko gazteak boto paperak erakusten, atzo, Tolosan (Gipuzkoa) egin zuten ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 14a
10:45
Entzun

EH Bilduk lehen aldiz irabaziko ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hipotesi hori berretsi du gaur argitaratutako EITB Focus inkestak; asteon, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak emaitza bera iragarri du. EITBren zundaketaren arabera, koalizio subiranistak 28-29 eserleku eskuratuko lituzke eta EAJk 26-27, nahiz eta boto kopuruan parean ibiliko liratekeen (botoen %34,9 eta %34,2 lortuko lituzkete, hurrenez hurren). 

Atzetik, hamar-hamabi legebiltzarkide izango lituzke PSE-EEk (botoen %14), zazpi PPk (%7,7) eta bat edo bi Sumarrek (%3,8). Ez lukete ordezkaritzarik lortuko Elkarrekin Podemosek (%2,4) eta Voxek (%1,5). Emaitza horiekin, litekeena da azken legegintzaldietan gobernua osatu duten EAJren eta PSE-EEren batuketa ez izatea nahikoa gehiengoa lortzeko: 38 legebiltzarkide behar dira horretarako, eta 36 eta 39 artean izango dituztela aurreikusi du EITBk. 

Horretaz gain, inkestak dio botoa nori eman erabaki ez dutenen kopurua %20 dela eta, beraz, herritar horiek erabakigarriak izango direla azken emaitzan. Parte hartzea %61 izango dela ere badio zundaketak.

Datuak herrialdez herrialde aztertuta, EH Bildu izango litzateke lehen indarra Araban eta Gipuzkoan, eta EAJ Bizkaian. 

Hautagaiak

Hautagaien balorazioa ere egin dute galdeketari erantzun dioten 1.800 lagunek. Notarik onena Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak lortu du, baina ezagunena EAJko Imanol Pradales da. 10etik 5,8 puntu eskuratu ditu Otxandianok, 5,6 Pradalesek; elkarrizketatuen %76,5ek ezagutzen dute EAJkoa, %69,4k EH Bildukoa.

Herritarrek estimu handien dioten hautagaietan hirugarrena Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategi da (4,6, eta %62,4k ezagutzen dute), eta ezagunena Eneko Andueza (%67,1ek ezagutzen dute, baina 4,4 nota jarri diote). Atzerago daude Sumarreko Alba Garcia (4, %41,3ko ezagutza), PPko Javier de Andres (2,3, %58) eta Voxeko Amaia Martinez (0,9, eta %47,6).

Azkenik, hurrengo lehendakaria nor izatea nahiko duten galdetuta, %38,6k erantzun dute ez dakitela. Bi hautagai nagusien arteko lehia, ordea, estua da: %27,8k Pradales izatea nahi dute, eta %27k, Otxandiano.

Galdeketak apirilaren 5a eta 11 bitartean egin zituzten, telefonoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.