EH Bilduren osasun publikoko lantaldeak batzarra egin du gaur goizean, Donostian, osasun mahaiaren lanen balantzea egiteko. Mahai horretan, EH Bilduren proposamenak lantzen lagundu duten profesional, teknikari eta adituek parte hartu dute, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkide eta osasun ataleko arduraduna buru izan delarik.
Batzarraren ostean, agerraldia egin du Uberak komunikabideen aurrean, eta EH Bilduk osasun publikoaren alde duen konpromisoa berretsi. Haren ustez, Eusko Jaurlaritzak autokritika baliatu beharko luke «bere akatsak onartu» eta gauzak hobetzeko. «Osasun mahaiaren esperientziak erakutsi du sistema eraldatzeko aukera badagoela, baina baita Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak askotan erresistentziaz, anbiziorik gabe eta autokritika egiteko borondate urriz jokatu dutela ere».
EH Bilduk ez du babestu osasun ituna, baina hala ere «arduraz» jokatuko dutela esan du Uberak, eta osasun mahaiaren lanen laugarren fasean parte hartuko du, betiere «argazkia lehenetsi gabe» eta Osakidetzaren etorkizunerako funtsezkoak diren erabakiak hartu eta eztabaidak «modu faltsuan ixteko asmorik gabe».
«Osasun mahaiaren esperientziak erakutsi du sistema eraldatzeko aukera badagoela, baina baita Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak askotan erresistentziaz, anbiziorik gabe eta autokritika egiteko borondate urriz jokatu dutela ere»
REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea
Uberaren esanetan, azken hilabeteetan egindako lanak emaitzak eman ditu, eta Jaurlaritzak «autokritika» egiteko baliatu beharko luke. «Izan ere, Osasun Sailak hobetzeko tarte handia du, eta komeni litzaioke hori jarrera eraikitzailez bultzatzea, ez autosatisfakzioz». EH Bilduren iritziz, Osasun Sailak «erabaki ausartak, irekiak eta partekatuak» hartu behar ditu, etorkizunari begira osasun sistema publikoa lehenetsita. Bide horretan lan egingo du koalizio subiranistak, foro eta esparru guztietan: «Zorroztasunez eta determinazioz jarraituko dugu lanean. Osasun Mahaian, legebiltzarrean eta behar den toki guztietan. Gure konpromisoa osasun publikoarekin eta euskal herritarrekin dago».
Ekarpenak osasun mahaiari
EH Bilduk proposatuta, osasun mahaiak onartu dituen neurriak zerrendatu ditu Uberak. Lehen arretari begira, lortu dute aurrekontu jakin bati lotua egotea, «autonomia operatiboa eta kudeaketa gaitasun propioa» izan dezan, eta arreta «integrala» bermatzeko diziplina anitzeko lantaldeak sortzea eta profesional profilen arteko ratio argiak zehaztea.
Osasun mentala sistema publikoan indartzeko EH Bilduren neurri sorta bat ere txertatu da itunean; besteak beste, osasun mentalean talde psikoterapiari lehentasuna ematea, diziplina anitzeko taldeak sendotzea eta esku hartze komunitario sistematikoak ezartzea adostu dute. Osasun publikoari dagokionez, Uberak azaldu du EH Bilduren ekarpenari esker kontzeptua eguneratzea lortu dutela, eta «logika prebentibo, interkonektatu eta etorkizuneko batean txertatu» dutela. Horrekin batera, Osasun Publikoko eta Kudeaketa Sanitarioaren Eskola sortzea onartu dute, eta oinarriak ezarri dituzte Euskadiko Osasun Publikoko Institutuak «egitura sendoa eta benetako eragin gaitasuna» izan dezan.
Bizitzaren amaierako zaintzen atalean, Bizitzaren Amaierako Behatokia sortzeko proposamena aintzat hartu du mahaiak, «zaintza duinak, etikoak eta humanoak» bermatzeko. Halaber, Paziente eta Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua indartzea lortu dutela azpimarratu du Uberak.