EH Bilduk Miren Matanzas aukeratu du Santurtziko alkategai gisa, baina PSE-EEk izango du azken hitza

Karmele Tubilla EAJko alkateak dimititu ostean, EH Bilduk Miren Matanzas aurkeztu du, Santurtzin udal gobernu alternatibo bat zuzentzeko asmoz. Koalizio subiranistak elkarrizketak abiatuko ditu oposizioko gainontzeko talde politikoekin.

Miren Matanzas, EH Bilduren Santurtziko alkategaia. EH BILDU
Miren Matanzas, EH Bilduren Santurtziko alkategaia. EH BILDU
14789412 kepa
Santurtzi
2026ko otsailaren 20a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santurtziko PSE-EEko zinegotziak aipatu gabe, haiei mintzatu zaie Miren Matanzas EH Bilduko udal bozeramaileak: «Santurtziri buruz eta santurtziarrentzat hartzen diren erabakiak berton hartu behar ditugu». Karmele Tubilla EAJko alkateak dimisioa eman ostean, koalizio subiranistak esandakoa bete du: Matanzas izendatu du alkategai. Orain, zinegotzi sozialistek erabaki beharko dute alkatetza jeltzaleen eskuetan jarraitzea nahi duten ala ez. «Haiek daukate azken hitza», aipatu du hautagaiak, nahiz eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak adierazi zuen gainontzeko erakundeetan EAJrekin daukaten hitzarmena errespetatuko duela. Adostasuna lortzeko bidean, oposizioko alderdiekin elkarrizketak abiatuko ditu gaur arratsaldean Santurtziko EH Bilduk.

Astebete da Santurtzi komunikabideen ahotan dela, Karmele Tubilla alkateak dimisioa eman baitzuen. Erabaki hori justifikatzeko, «arrazoi pertsonal, politiko eta profesionalak» eman zituen udal agintari jeltzaleak, udaltzain izateko azterketetan ustez izan diren irregulartasunak azaroan azaleratu ziren arren. Sonia Lopez Segurtasun arloko zinegotziak dimisioa aurkeztua zuen dagoeneko, Tubillak kargua utzi aurretik. Bikotekideari azterketen galderak ematea leporatzen diote hari. Auzia batzorde berezi batean aztertzen ari dira.

Gaur, berriz, EH Bilduko gainontzeko sei zinegotziek lagunduta egin du agerraldia Matanzasek, eta jakinarazi du bera izango dela koalizio subiranistaren alkategaia. Atzo, batzarra izan zuten Santurtziko EH Bildukoek, eta bilkuran ontzat jo zuten haren hautagaitza. EAJk osatzen duen udal gobernuak «porrot egin duela» adierazi du Matanzasek. «Gobernantzarik eza erabatekoa da. Santurtziarren eguneroko arazoei irtenbiderik emateko ezintasunak argi erakusten du hori», salatu du.

«Gobernantzarik eza erabatekoa da. Santurtziarren eguneroko arazoei irtenbiderik emateko ezintasunak argi erakusten du hori»

MIREN MATANZAS EH Bilduren Santurtziko alkategaia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste udal askotan ez bezala, Bilbo Handiko Ezkerraldeko udalerri horretan PSE-EEren babesik gabe gobernatzen dute jeltzaleek, gutxiengoan. Azken udal hauteskundeetan zazpi eserleku lortu zituen EAJk, baina gertu dago EH Bildu, sei zinegotzirekin, eta PSE-EEk, berriz, bost ditu. Elkarrekin Ahal Dugu-k, bestalde, bi ordezkari ditu, eta PPk, bakarra.

EH Bilduko hautagaiak jakin badaki sozialisten babesa beharrezkoa duela alkatetzara iristeko. Haiek hartuko duten erabakiaren zain, EAJren eta PSE-EEren arteko hitzarmenak kritikatu ditu. «Lehentasuna kontinuismoari eta herritik kanpo sinatzen diren paktuei ematen zaie, inolako helburu zehatzik gabe, ez bada bi alderdi politiko horien statu quo-a bermatzea», aipatu du. «Desgobernu egoera» horretan, koalizio subiranistak uste du «seriotasuna, ardura eta konpromisoa» eskaini behar direla. Horiek horrela, Matanzasek ofizialki aurkeztu du bere hautagaitza, eta zera adierazi: «Konbentzituta gaude Santurtziri buruz eta santurtziarrentzat hartzen diren erabakiak berton hartu behar ditugula, gure herrian, betiere auzokideen ongizatea helburu».

Eskaera zehatzak eta elkarrizketa

Matanzasen hautagaitzarekin batera, Santurtziko EH Bilduk programa «xume eta egingarria» aurkeztu du, «baina asmo handikoa». Haien ustez, «santurtziarrentzat premiazkoenak» diren neurriak bildu dituzte, baita «gainontzeko taldeentzat onargarriak» direnak ere. «Alternatiba erraztea» eta hurrengo hauteskundeak iritsi bitartean geratzen diren hamalau hilabeteetan herriari «aurrera egiteko» modua ematea dira subiranisten helburuak.

Batetik, udal gobernantzaren ereduan erabateko aldaketa eskatzen dute, besteak beste gardentasuna eta herritarren parte hartzea sustatzeko. Bestalde, zaintzaren, berdintasunaren eta etxearen arloak indartu nahi dituzte. Kiroldegiak eta euskaltegia hobetzeko beharrezko neurriak ere hartu nahi dituzte; eta Santurtzi garbiago bat lortu. Horretarako, kale garbiketari adi egon, Serantes mendia babestu eta irisgarritasun plan berezia sortu nahi dute. Azkenik, asmoa dute aparkaleku gehiago lortzeko lanei ekiteko.

«Konbentzituta gaude Santurtziri buruz eta santurtziarrentzat hartzen diren erabakiak berton hartu behar ditugula, gure herrian, betiere auzokideen ongizatea helburu»

MIREN MATANZAS EH Bilduren Santurtziko alkategaia

Santurtziko EH Bilduk gaur arratsaldean abiatuko ditu oposizioko gainontzeko talde politikoekin egingo dituen elkarrizketak, «gobernantza alternatibo hori bideragarria izan dadin eta Santurtzik, behingoz, behar duen lidergoa lor dezan». Hala ere, argi dute «lan handia eta denbora gutxi» daukatela. Otsailaren 26ko ohiko udal batzarrean emango dute Tubillaren dimisioaren berri, eta EAJk hamar laneguneko epea izango du alkate berria izendatzeko ezohiko osoko bilkurara deitzeko. «Martxoaren 12ra arte daukate», zehaztu du Matanzasek.

Inkesten arabera, EH Bildu gora

Datozen hauteskundeei begirako boto asmoari buruzko inkesten emaitzak «pozarren» hartu ditu Santurtziko EH Bilduk. Hala ere, «tentuz» jokatzeko eta lanean jarraitzeko deia luzatu du Matanzasek, «ez baititugu sakon aztertu». Atzo zabaldutako galdeketaren arabera, datozen udal hauteskundeetan EH Bilduk aurrea hartuko lioke EAJri Santurtzin: koalizioa botoen %27,4 izatetik %32,9 izatera igaroko litzateke. Jeltzaleek behera egingo lukete boto asmoari dagokionez, %32,7tik %30era. Horrela, EH Bildu sei zinegotzitik zazpira pasatuko litzateke, eta EAJk gaur egungo zazpiak mantenduko lituzke.

PSE-EEk ere behera egingo luke boto asmoari erreparatuta: %23,4tik %20,3ra, bost zinegotzietatik bat galduta. Elkarrekin Ahal Dugu-k, berriz, gora egingo luke zertxobait, aurreko hauteskundeetako %8,4tik %9ra, eta bi zinegotziak mantenduko lituzke. Azkenik, PP %5,9tik %5,3ra jaitsiko litzateke, eta 2023an lortutako zinegotzia mantenduko luke. Gizakerrek urtarrilaren 22tik 26ra telefono bidez egindako laurehun galdeketa ditu oinarri inkestak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.