EH Bilduk Osasun Batzordea aktibatzeko eskatu du, Elgoibarko eta Tolosako anbulantzietako langileen etorkizuna argitzeko

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak erran du «funtsezkoa» dela zerbitzu horien publifikazioan inplikatuta dauden alde guztiei entzutea.

Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 9a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elgoibarko eta Tolosako (Gipuzkoa) anbulantzia medikalizatuen zerbitzua Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du aurrerantzean. Osasun Sailak langileak subrogatuko dituela erran badu ere, ELA sindikatuak salatu du proposamenean zehaztu gabe dagoela langileen kontratuak mugagabeak edo aldi baterakoak izanen diren. Bada, EH Bilduk ezinbertzekotzat jo du afera hori argitzea, eta, hortaz, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordea urtarrilean aktibatzeko eskatu du: «Elgoibar eta Tolosako anbulantzietako langileen ordezkariak eta Osasun sailburu Alberto Martinez lehenbailehen bertan ager daitezen, zerbitzu horren publifikazioaren xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko, betiere prozesua berme guztiekin burutu dadin».

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak erran du «funtsezkoa» dela zerbitzu horien publifikazioan inplikatuta dauden alde guztiei entzutea, «elkarrizketa, negoziazioa eta, azken batean, publifikazioa bultzatzeko». «Ez Osakidetzak, ez Osasun Sailak ez dituzte prozesu horren inguruabar guztiak argitu, eta ez dute zehaztu zein izango den langile horien etorkizuna; horrek, normala denez, kezka eta ezinegona areagotu ditu langileen artean», erran du legebiltzarkideak. Are, nabarmendu du langileekin izaten ari diren jarrera ez dela onargarria, eta horregatik dela garrantzitsua Osasun Batzordean «zehaztasun guztien berri lehenbailehen ematea».

36 langilek osatzen dute Elgoibarko eta Tolosako zerbitzua; medikuak, erizainak eta osasun garraioko teknikariak daude tartean. Kontratatutako zerbitzua izan da orain arte, Gipuzkoako Anbulantziak enpresaren esku egon baita azken urteetan, baina hemendik aitzinera Osakidetzak kudeatuko du zuzenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.