EH Bilduk «probokaziotzat» jo ditu Felipe VI.aren bisita eta Guardia Zibilaren Bilboko ekitaldia

Larunbatean 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, eta, bezperan, Guardia Zibilak ateak irekitzeko eguna antolatu du Bilbon; EH Bilduk gogoratu du guardia zibilak ere bazeudela fusilamendu pelotoi frankistako boluntarioen artean.

EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariaren agerraldi bat. GORKA RUBIO / FOKU
EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariaren agerraldi bat. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2025eko irailaren 25a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean 50 urte beteko dira Francoren erregimenak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituenetik, eta EH Bilduk jakinarazi du egun horren bezperan «bi ekitaldi esanguratsu» izango direla Euskal Herrian: Felipe Borboikoa Espainiako erregea Nafarroan izango da bihar eta etzi, bisita ofizialean; eta, aldi berean, larunbatean bertan, Guardia Zibilak ateak irekitzeko eguna antolatu du Bilbon. Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariak «probokazio bikoitzatzat» hartu ditu bi ekitaldiak.

«Francok berak izendatu zuen Felipe Borboikoaren aita bere oinordeko, gaur egun Abu Dhabin ihes eginda dagoen Juan Carlos, eta horregatik da bera ere errege», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Espainiako erregea, aldi berean, Euskal Herriaren «ukazioaren, zapalketaren eta zatiketaren ikur» dela adierazi du. «Horregatik guztiarengatik, Espainiako erregea ez da ongi etorria gure herrian. Euskal herritarrok ez daukagu erregerik», ziurtatu du.

Horrez gainera, koalizio subiranistako Ekintza Politikoko idazkariak esan du «onartezina eta larria» dela Guardia Zibilak hurrengo larunbatean Bilbon egingo duen ateak irekitzeko eguna. «Probokazioa da, onartezina, fusilamenduen 50. urteurrenaren egun berean, Guardia Zibila, milaka euskal herritarren oinarrizko giza eskubideen urraketen erantzulea, armak eskutan eta beraien armei gorazarre egiten, Euskal Herriko kaleetara ateratzea». Hala, gogora ekarri du guardia zibilak ere bazeudela Txiki eta Otaegiren fusilamendu pelotoi frankista osatzen zuten boluntarioen artean.

Alderdien isiltasuna

Gainera, Guardia Zibila «3.000 inguru euskal herritarri eragindako torturen egilea» dela nabarmendu du, horrela jasoa baitago Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egindako txosten ofizialetan. Rodriguezek esan du Guardia Zibila «inpunitate osoz» Bilboko kaleetara ateratzea «mingarria eta umiliagarria» dela torturaren biktimentzat: «Birbiktimizazioa baino ez du eragiten».

«Non daude beste batzuetan giza eskubideekin eta biktimen errespetuarekin horren kezkatuta agertzen diren horiek? Ez al dute ezer esan behar?»

ARKAITZ RODRIGUEZ EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkaria

Halaber, salatu du ez Guardia Zibilak ez haren arduradun politikoek ez dutela urratsik egin eragindako mina aitortzeko, eta galdera zuzena egin die Euskal Herriko gainontzeko alderdi politikoei: «Non daude beste kasu batzuetan giza eskubideekin eta biktimen errespetuarekin horren kezkatuta agertzen diren horiek? Ez al dute ezer esan behar? Noiz arte jarraituko dute ahalbidetzen Euskal Herrian lehen mailako eta bigarren mailako biktimak izan daitezen?».

Rodriguezen arabera, bizikidetza demokratikoa eraikitzeak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen du; gaineratu du honako hauek ere eskatzen dituela: «Guardia Zibilak bere gain hartzea herri honi eragindako minaren eta sufrimenduaren erantzukizuna, eta herri honen zapalkuntzaren ikur eta berme diren horiek Euskal Herritik alde egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.