EH Bilduren gaur egungo mahai politikoak proposatutako zuzendaritza eta ponentzia politikoa bozkatu ahal izango dituzte bilkideek otsailaren 5etik aurrera, ez baita zerrenda alternatiborik aurkeztu. Atzo arteko epea zegoen zerrenda alternatibo bat aurkezteko.
Bozketen emaitza otsailaren 8an jakinaraziko dute, EH Bilduren III. Kongresua amaitzeko Iruñeko Baluarten egingo duten ekitaldian.
Egindako proposamenaren arabera, bost idazkaritza nagusi izango ditu zuzendaritza nagusiak. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusi izan beharrean idazkari nagusi izatea proposatu dute, beste lau lagunekin batera: Sonia Jacinto —Antolaketa idazkaria—, Arkaitz Rodriguez —Ekintza Politikoko idazkaria—, Nerea Kortajarena —Programa idazkaria— eta Gorka Elejabarrieta —Harremanen idazkaria—.
Guztira 37 laguneko zuzendaritza bat bozkatu beharko dute bilkideek. Zerrenda horretako gehienak emakumeak dira, eta batez besteko adina 47 urte da.