Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Xabier Agirre. EAJko Arabako zerrendaburua

«Bildurekin itunak egiteko prest nago»

Xabier Agirre ziur da hauteskundeen ondotik PSE-EEk eta PPk bat egingo dutela Arabako Aldundia eskuratzeko. Hala ere, EAJ alderdi guztiekin hitz egiteko prest dagoela esan du.

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Baikorra da Xabier Agirre (Gasteiz, 1951) igandeko bozei begira, eta esperantza dauka arabarrek EAJren aldeko apustua egingo dutela. Pozik dago agintaldian egindakoarekin: «Nota onarekin aurkeztuko gara bozetara».

Hauteskundekanpaina bukatzear dago. Nola joan da?

Ongi. Batzuek diote maila apalekoa izan dela, baina ez nator bat. Zorionez, aurreko kanpainetan baino liskar gutxiago egon da alderdien artean.

Hainbat inkestak diote bozak irabaziko dituzula.Zer iruditzen zaizu?

Ez dut zalantzarik inkestak zorroztasunez eginda daudela eta joera bat islatzen dutela, baina bihotz-bihotzez diot sinesten dudan inkesta bakarra maiatzaren22koa dela, bozkalekuetan egingo dena. Horixe da balio duen inkesta bakarra.

Zein emaitza espero duzu igandean?

Araba herrialde konplexua da, nekez lortzen baita gehiengo nahikorik bakarrik gobernatzeko. Hortaz, ziur naiz Araban akordioren bat lortu beharko dela hauteskundeen ostean; ez dakit noiz, nola eta norekin, baina hala izango dela uste dut. Hori da herrialde honen errealitatea, Araba oso plurala baita. Hala ere, itxaropena dut arabar gehienek nigan konfiantza jarriko dutela, sinetsita bainago EAJ dela Araban krisialdi ekonomikoa hobekien kudea dezakeen alderdia.

Agintaldi nahiko korapilatsua izan duzu.Zaila egin zaizu?

Bai, gogorra izan da. Gutxiengoan gobernatu dugu, eta, horren ondorioz, PSErekin ados harri behar izan dugu aldundian eta udalean. Erantzukizunez jokatu dugula uste dut, gai izan garelako krisialdi egoera batean erakundeen egonkortasuna bermatzeko.Izugarrizko krisialdi ekonomikoa izan dugu; gobernu barruan ere bi krisi izan ditugu, eta De Miguel diputatuaren auzia ere izan dugu.Hala eta guztiz ere, politikari baten sinesgarritasuna hitzeman duena zenbateraino bete duen ikusita neurtzen bada,pozik eta gustura nagoela esan behar dut. Duela lau urte hartutako konpromisoen ia guztiak bete ditugu, eta nota onarekin aurkeztuko gara bozetara.

Uste duzu ustezko ustelkeria eta espioitza auziak kalte egingo diola EAJri Araban?

Ez dakit. Ez dut uste asko lagunduko digunik. Baina argi daukat foru gobernuan egin beharrekoa egin dugula eta erantzukizun osoz jokatu dugula. Alfredo de Miguel atxilotu ostean esandakoari eusten diot, hots, justiziari laguntzeko prest gaudela, errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela eta, deliturik egin dutela frogatzen bada, legea aplikatu behar zaiela. Nahiago nuke ustezko ustelkeria kasuek zipriztindu dituzten beste alderdiek guk bezala erantzungo balute. EAJren zerrendetan ez dago inputatu bakar bat ere, baina PSE eta PPren zerrendetan ehunka doaz.

Badirudi lehia estua egongo dela EAJ, PSE-EE eta PPren artean Araban, botoetan alde txikia izango dela.Itunen arabera erabaki daiteke, beraz, gobernua. Zein izango da EAJren aliantza politika?

Hauteskundeak egin gabe itunen inguruan hitz egiten hastea gizartearekiko errespetu falta iruditzen zait. Lehenik eta behin, herritarrek hitz egin behar dute, eta, emaitzak esku artean ditugunean, orduan ikusiko dugu zein aukera dagoen gehiengoak eratzeko. Hala ere, esan behar dut prest nagoela alderdi guztiekin hitz egiteko bi printzipioren gainean: batetik, akordioak aldundiko egonkortasuna bermatzeko eta aurrekontuak aurrera ateratzeko bideratu behar dira; eta, bestetik, ez dut sekula bat egingo baztertzailea den itun batekin. Bi baldintza horiek aintzat hartuta,edonorekin hitz egiteko prest nago.

EAJk dio PSE-PP itunaren alternatiba bakarra dela, baina ez dio uko egiten bi alderdi horiekin itunak egiteari. Ez al da kontraesana?

Ez, inolaz ere ez. Gure kritikarekin, errealitate bat islatzen ari gara. PPk eta PSEk akordioa lortu zuten EAJ Ajuria Enetik botatzeko, eta bi alderdietako bozeramaileek argi eta garbi esan dute aldaketa hori erakunde orotara zabaldu nahi dutela. Hortaz, argi dago PSEk eta PPk bat egingo dutela hauteskundeen ostean, emaitzak gorabehera, eta hori kritikatzen du EAJk. Baina horrek ez du esan nahi bi alderdi horiekin hitz egingo ez dudanik.

Beraz, erabat ziur zaude PSEk eta PPk bat egingo dutela Arabako Aldundia eskuratzeko?

Ez daukat inolako zalantzarik. Gogoan daukat 2009an Patxi Lopezek, lehendakari aukeratu baino lehen, adierazi zuela ez zuela akordiorik egingo PPrekin. Urtebete geroago, ordea, diskurtso hori aldatu egin dute PSEk eta PPk. Haiek esan dute, argi eta garbi, itun hori erakunde guztietara zabalduko dutela. Ni ez naiz ezer asmatzen ari, beraz.

Bildurekin gobernu akordioa egiteko prest egongo zinateke?

Nola ez dut hitz egingo Bildurekin? Bildu zenbait alderdik osatutako koalizio legezkoa da, eta hauteskundeetara beste edozein alderdiren baldintza berberetan aurkeztu da. Zergatik ez dut hitz egingo Bildurekin?

Baina akordioak lortzeko prest egongo zinateke?

Bai, noski; hitz egiten denean, akordioak lortzeko hitz egiten da.Bildu koalizioa eratzen duten alderdietako bat, EA, nire gobernuko bazkide izan da agintaldi honetan; beraz, zergatik ez naiz saiatuko akordioak egiten Bildurekin?

Zer deritzozu Bildu hauteskundeetan egoteari?

Auzitegi Konstituzionalak konpondu egin du Gorenak egindako okerra. Sortuk ere Alderdien Legearen irizpide guztiak betetzen zituen, eta ez dut ulertzen zergatik ez zaion bozetan egoten utzi. Badirudi PSOEren gobernuak gai hori gainetik kendu eta epaitegien esku utzi nahi izan duelaPPk kanpainan egurra ematea ekidin nahi izan duelako. Edonola ere, uste dut Bildu bozetan egotea aurrerapauso handia delanormalizazio politikoaren eta bakegintzaren ikuspuntutik.

Hamaikabat alderdiarekin akordioa lortu duzue Araban zerrenda bateratuak aurkezteko. Zergatik?

Herri honetan normalizazio politikoa eta bakea behin betiko lortzen direnean, ezinbestekoa izango delako indar abertzaleak moldatzea. Sortu legezkoa balitz, orain zazpi alderdi abertzale aurkeztuko lirateke hauteskundeetara, eta horietako bost, gainera, beste alderdi batzuetatik joandakoak dira. Egoera honek ezin du luze iraun, ez baita logikoa boto abertzalea hain sakabanatuta egotea. Indar abertzaleek moldatu egin beharko dute noizbait; horretarako garaiak iritsi behar du. Hamaikabatekin egin dugun akordioa urrats bat da norabide horretan.

Araban posible izan dena zergatik ezGipuzkoan eta Bizkaian?

Arabarrok elkarrizketarako eta akordiorakogaitasun handiagoa dugulako, gipuzkoarrek eta bizkaitarrek baino. Hemen ohituta gaude akordioetara iristen, eta errazagoa da bat egitea. Gipuzkoako eta Bizkaiko alderdikideei galdetu beharko zaie zer dela-eta ez duten akordioa lortu.

Kontseiluaksalatu du Araban eskasak direla euskararen aldeko hizkuntz politikak. Zeresanbehar duzu?

Aldundiko euskara sailaren ekimenez,zortzi kuadriletan euskara sustatzeko dinamizatzaile bana jarri dugu.Eta etxe barruan ere pauso garrantzitsuak eman ditugu. Erakundeetatik egiten diren politikak eta bideratzen den dirua inportantea da, baina gehien kezkatzen nauena daeuskaraliskarra eragiteko arma gisa erabiltzea. Hori desagertzen bada, urrats handia egingo dugu euskararen normalizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.