EH Bilduren jauzia, nagusiki udalerri handietan

Indar subiranista nagusi da euskaldun ehuneko handiagoa daukaten herrietan. EAJk, berriz, emaitza hobeak lortu ditu batez beste adineko gehiago bizi diren udalerrietan.

Pello Otxandiano, igande gauean. MIGUEL TOÑA / EFE
Pello Otxandiano, igande gauean. MIGUEL TOÑA / EFE
jon olano
2024ko apirilaren 22a
18:00
Entzun

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeek, parlamentuaren osaketa eta 75 ordezkariak berritzeaz gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde soziologiaren argazkia eguneratu dute. Argazki horrek berretsi du batez ere bi alderdik kanalizatzen dituztela herritarren gogoa eta lehentasunak, eta, 2020ko bozketarekin alderatuta, EH Bilduk jauzi bat egin duela boto kopuruan. EAEko hiru herrialdeetan egin du gora, baina hiru herrialdeetako 251 udalerrietako emaitzek xeheago erakusten dute alderdi bakoitzaren boto emaileek zer ezaugarri dituzten eta botoen bilakaera zer-nolakoa izan den. Horretarako, BERRIAk hauteskunde emaitzak gurutzatu ditu Eustatek udalerri bakoitzaz jasotako zenbait datu estatistikorekin.

1. Koska bat bipartidistago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdi sistemak joera bat hartu du azken urteetan, bi alderdiko sistema baterantz gerturatuta. Garaian garaiko bi indar nagusiek bildutako eserlekuei erreparatuta, zikloak bereizten dira berrogei urteotan: lehenean, gutxi gorabehera 1986 eta 2001 artekoan, bi indar nagusien batura (EAJ-PSE) ez da iristen legebiltzarreko eserlekuen erdira, pisu nabarmena daukaten alderdi gehiago baitaude. Beste ziklo bat antzeman liteke 2000ko hamarkadan, eserleku kontzentrazio handiagokoa: %65ekoa 2001ean eta %61ekoa 2005ean. Ofizialki, eserleku kontzentrazioak 2009ko bozketan jo zuen goia (%69), ezker abertzalearen 100.000 boto inguru baliogabe utzita. 2012ko hauteskundeek, ETAren jarduera armaturik gabeko eta EH Bilduren parte hartzearekin eginiko lehenak izanik, ziklo berri bat abiarazi zuten, eta igandeko hauteskundeek muturrera eraman dute 2020koek erakutsitako norabidea: lehen bi alderdiek —EAJk eta EH Bilduk— inoizko eserleku gehien bildu dute: 54 (%72).

2. Hamar plaza erabakigarri. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar udalerri handienek balio dezakete hauteskundeetan gertatutakoaren lagin gisa; biztanleen erdiak bizi dira hamar udalerri horietan, eta, 2020an, EAJ bederatzitan nagusitu zen, eta EH Bilduk bakarrean irabazi zuen: Errenterian (Gipuzkoa). Oraingoan, hari batu zaio Gasteiz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerririk populatuenetan bigarrena. Duela lau urte, EAJk hamar herri horietan bildu zituen lortutako botoen ia erdiak (%48,85), eta PSE-EEri dagokionez, berriz, hiru bototik bi izan ziren plaza horietan eskuratutakoak (%63). EH Bilduk nahikoa modu orekatuan lortu zituen: %37 hamar herri handienetan, %33 10.000-30.000 biztanle artean dituztenetan eta %30 10.000tik beherakoetan. Igandean, EAJk eta PSE-EEk nahikoa parean eutsi zioten portzentaje horri, baina berritasuna EH Bilduren datuetan dago: hamar udalerri horietan %50 egin du gora (46.830 boto gehiago), eta koalizio subiranistak eremu horietan jaso ditu bere boto guztien hamarretik lau (%41).

3. Errenta: EAJ, EH Bildu baino sakabanatuago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, EAJ izan da alderdi oroharrapatzaileetan oroharrapatzaileena: errenta handieneko herrietan irabazi izan du, apalenekoetan, herririk txikienetan, hiriburu eta herri handietan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, euskaldun portzentaje handia eta txikia duten lurraldeetan. Definizioz, horixe dira alderdi oroharrapatzaileak, ideologia eta haustura lerro diferentetako boto emaileak bereganatzen dituztenak, eta horretan, EAJ txapelduna izan da 44 urtez. Orain, ordea, badira aldaketa batzuk: duela lau urte, jeltzaleak 143 herritan izan ziren lehen indarra, eta EH Bildu 106tan. Lau urte geroago, sorpasso-a gertatu da: EAJ 94 udalerritan nagusitu da, eta EH Bildu 157tan.

Alderdi irabazlearen arabera herri bakoitzeko batez besteko errenta osoa aztertuta, ordea, atera litezke ondorio batzuk. Bat: EAJk errenta maila guztietako herrietan irabazten du, eta EH Bildu garaile izan da nagusiki tarteko errenta daukaten herrietan. Hala gertatu zen orain dela lau urte, eta beste horrenbeste igandean. Banaketa hori kontuan hartuta, EH Bilduk irabazi duen herritako batez besteko errentaren mediana handiagoa da (23.465 euro) EAJ lehen indarra den udalerrietakoa baino (22.283). Gainera, batez besteko errenta handitu ahala, joera txiki bat nabari da: EAJk eta EH Bilduk boto portzentaje handiagoak eskuratu dituzte, eta kontrakoa gertatu zaie PSEri eta PPri.

 

 

4. Adinean gora egin ahala, EAJri mesede. Eustatek hiru kategoriatan bereizten ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adin tarteak: 19 urte artekoak, 19-64 artekoak eta 65etik gorakoak. Inkestek behin eta berriz nabarmendu dute EH Bildu nagusi dela boto emaile gazteen artean, eta EAJ dela lehen aukera adinekoentzat. Bada, adinaren eta botoaren arteko harremana ez da adierazgarria, baina igandeko emaitzek joera bat berresten dute: jeltzaleek boto portzentaje handiagoak eskuratzen dituzte 65 urtetik gorako biztanleen ehunekoa handiagoa duten herrietan. Gauza bera gertatzen zaio PSE-EEri ere. Baina doikuntza lerroak kontrako norabidea marrazten du EH Bilduri dagokionez: adinekoen ehuneko zenbat eta handiagoa izan, orduan eta txikiagoa da EH Bilduren boto portzentajea. Udalerri bakoitzeko adinekoen portzentajeak, berriz, ez du lotura garbirik hauteskundeetako parte hartzearekin.

 

 

5. Euskararen mapa, bereziki EH Bildurena. Hizkuntzari erreparatuta, herrien tipologiak ere esaten du zerbait hautesleen portaeraz. Zehazki, EAJren boto portzentajea ez dagoela erlazionatuta herri horretan dagoen euskaldunen portzentajearekin. Bai, ordea, EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren kasuan. Eustatek euskaldunak, ia euskaldunak eta erdaldunak bereizten ditu, eta, indar subiranistari dagokionez, nabarmena da harremana: euskaldunen ehunekoa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen ditu. Kontrakoa da joera PSE-EEri eta PPri dagokienez; euskaldun gehiago dauden udalerrietan ordezkaritza apala lortzen dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.