Udalen osaketa. Nafarroa

Bilduri eman dio alkatetza NaBaiko hautetsiaren botoak

AtarrabiaAtarrabia Baiko hautagai eta alkate ohi Pello Gurbindok Bilduren jokabidea kritikatu du

edurne elizondo
Atarrabia
2011ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurretik hitzartutakoa bete zen atzo Atarrabiako herriko etxean. Nafarroa Bai 2011ko zinegotzi bakarrak, Angel Larraiak, Bilduko hautagai Pedro Jose Gastearenari eman zion babesa, eta, ondorioz, alkate izendatu zuten. Sei boto jaso zituen Gastearenak, denera, Bilduk bost hautetsi lortu baitzituen maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Zinegotzi kopuru bera du Atarrabia Baik herri horretan, baina Bilduk baino hamaika boto gutxiago.

Atarrabia Baiko hautagai Pello Gurbindo izan da herriko alkate azken lau urteotan, Nafarroa Bairekin. Gurbindok bere taldeko kideen babesa jaso zuen atzo, baina bost boto horiek ez ziren nahikoak izan alkatetzari eusteko. UPNko lau hautetsiek beren hautagai Angel Ansaren alde egin zuten; PSNko hautetsi bakarrak, Mercedes Sanchezek, bere buruari eman zion botoa, eta IUN-NEBko hautetsi Charo Fraguasek, berriz, boto zuria eman zuen.

«Herri hobe baten alde»

Herriko etxe barruan, bai eta kanpoan ere, hamaika herritarren babesa jaso zuen Gastearenak, alkate izendatu eta gero. Aginte makila hartu eta gero, bertze alderdietako ordezkariei eman zien hitza, lehendabizi. NaBaiko Angel Larraiak azaldu zuen Bilduri eman ziola babesa boto gehien jaso zuen zerrenda izan zelako koalizio horrena, eta bi taldeen arteko programetan puntu komun anitz badirelako.

UPNko Angel Ansak, berriz, atzo «koherentziaz jokatu» zutela azpimarratu zuen, aurretik erran zutelako hautetsi erregionalistek hautagai abertzaleen aldeko botorik ez zutela emanen.

Orain arte alkate izandako Pello Gurbindok ere hartu zuen hitza, eta, Gastearena zoriondu eta gero, Bilduko hautetsien azken egunotako jokabidea kritikatu zuen. «Hasiera ez da ona izan; UPNren eta Atarrabia Bairen aurkako kanpaina egin du Bilduk, eta zalantzan jarri du alkatetzarako aurkezteko gure asmoa».

Gurbindori erantzunez hasi zuen alkate izendatu eta geroko lehen solasaldia Gastearenak. Ez direla fede txarrez aritu erran zion, eta egindako urratsen berri eman bertzerik ez zela beren asmoa. «Atarrabia hobe baten alde» lan egiteko konpromisoa hartu zuen alkateak, herritar guztiei eskerrak eman eta gero. Euskal Herrian aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoa lortzeko lan egiteko prest agertu zen, eta demokrazia eta bakearen alde urratsak egiteko prest, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.