Bingen Zupiriaren kontrako pintaketak agertu dira Hernanin

«Vicente Zupiria txakurren jabea» dio mezuetako batek. Svastikak ere margotu dituzte.

Zupiriaren kontrako pintaketak egin dituzte Hernanin. EITB
Zupiriaren kontrako pintaketak egin dituzte Hernanin. EITB
2025eko uztailaren 26a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren eta Ertzaintzaren kontrako hainbat pintaketa egin dituzte Hernaniko frontoian (Gipuzkoa). «Vicente Zupiria txakurren jabea» dio horietako batek, svastika bat ondoan duela. Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak gertatutakoa gaitzetsi du, eta pintaketak ezabatzeko agindua eman dutela adierazi. «Horrelakoek ez daukate lekurik gure herrian», adierazi du txio batean. Halaber, udaleko taldeko politiko guztiei pintaketen kontrako adierazpen proposamena egin diela erran du.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere ekintzak gaitzetsi ditu, eta adierazi du «guztien ardura» dela gisa horretako mezuak ohiko ez bilakatzea. Sare sozialen bidez egin ditu adierazpenak: «Elkarbizitza eta elkarrekiko errespetua oinarrizko balioak dira gure gizartean, eta horrelako adierazpenek zuzenean erasotzen diete». Antzera solastatu da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanaol Pradales ere, eta gaitzespen «irmoa» azaldu du sare sozialen bidez: «Gertatutakoa oso larria da eta horrelako ekintzak onartezinak dira gizarte demokratiko batean».

Iaz ere Zupiriaren aurkako pintaketak azaldu ziren herri horretan bertan —Zupiria Hernanikoa da—: «Zipaioak borrokan. Tiroa garunean. Bingen, erne ibili» irakur zitekeen bertan. Hernaniko Udalak adierazpen bat onartu zuen Zupiriari «elkartasuna» erakusteko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.