Espetxea. Hirugarren gradua

Birgizarteratzeko beste eredu baten alde

Arrats elkarteak duela aste gutxi ireki du hirugarren graduan dauden presoentzako eguneko zentroa. Eguna kartzelatik kanpo igarotzeko baliabideak ematen dizkie, birgizarteratze prozesua errazteko.

Arrats elkartearen zentroak birgizarteratze prozesuan laguntzeko baliabideak eskaintzen ditu. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hilabete eskas da Arrats elkarteak presoentzako eguneko zentroa ireki zuela. Egun, hirugarren graduan dauden presoak soilik dituzte, baina euren asmoa da baldintzapean aske daudenak eta espetxeetako araudiaren 100.2 artikulua aplikatu zaien presoak ere artatzea. «Guk hor egin nahi dugu apustua. Kondena txikiak dituztenak hemendik bideratzea, eta barruan daudenak irteerarako prestatzea», azaldu du elkarteko presidente Jose Mari Larrañagak.

Eguneko zentrora iristen diren presoak tratamendu programa indibidualizatuan ezarritako helburuak betetzeko iristen dira; eta, beraz, baldintza batzuekin. Gehienek zentrotik kanpo lan egin edo ikasten dute, edo drogen abusua eteteko laguntza jasotzen dute. Hala, eguneko zentroko arduradun Amaia Agirregabiriak azaldu du espetxera itzultzeko ordua iritsi bitartean egoten direla bertan, eta «aspaldian jaso gabeko goxotasuna» jasotzen dutela: «Egunerokoa antolatzeko errefortzua ematen zaie; sareko beste baliabide batzuetara bideratuta edo guk ditugunekin egunak beteta, bakoitzaren indarguneen eta ahulguneen arabera».

Ikusi gehiago:Hirugarren gradua: etxera itzultzeko lehen urratsa

Zentroa astelehenetik ostiralera dago zabalik, 08:00etatik 18:00etara, baina egutegi bat ere zehaztu dute jai egunetan ere presoak kartzelatik atera ahal izateko. «Gauero lotara Martutenera joaten direnen kasuan, asteburua bertan egiten dute. Inportantea iruditzen zaigu horiei aisialdirako aukera ematea», adierazi du Agirregabiriak. Hala, hilean asteburu batez zentroa irekitzen dute, eta txangoak ere prestatzen dituzte.

Elkarteak zentroan egiten duen lana, ordea, haratago doa. Hezitzaileek, juristek eta psikologoek presoen jarraipena egiten dute, eta harremanetan daude Martuteneko espetxeko (Gipuzkoa) tratamendu batzordearekin. Informazio trukaketa horrek presoen tratamendu programa moldatzeko ere balio behar duela azaldu du Larrañagak, argudiatuta sarri espetxeko profesionalek ikusten ez dituzten elementuak begiztatzen dituztela eurek.

Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu izanak positiboki eragin du elkartearen eta espetxearen arteko elkarlanean, Agirregabiriak azaldu duenez: «Oso egoera txarretik gentozen. Pertsona asko zeuden ezin atera, ez zegoelako baliabide publikorik». Halere, zentroko arduradunak zein elkarteko presidenteak adierazi dute lan asko geratzen dela egiteko. Esaterako, arreta psikologiko zabalago bat izateko neurriak eta aitatasuna lantzeko formazioak. «Espetxea egoera traumatiko bat da, eta, ateratzean, laguntza behar da buruko pieza guztiak birkokatzeko», azaldu du zentroko arduradunak.

Kartzela, azken aukera

Ikuspegi zigortzailea baztertu eta «beste eredu bat» martxan jartzeko beharra adierazi du Larrañagak: «Kartzela izan behar da azken aukera. Asko bideratu daitezke beste bide batzuetatik: terapia, komunitatearen mesederako lanak, Gizakia Helburu... Epaitegietan ere barneratu behar dute». Era berean, gogoratu du birgizarteratze prozesua ez dela amaitzen zigorra betetzearekin batera. «Espetxetik besterik gabe kalera badoaz, oso erraza da kaletik espetxera itzultzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.