Espainiako monarkia

Birusari agur eta 'koroari agur'

Milaka herritar atera dira bart leihora eta balkoira lapikoa jotzera Espainiako erregeak telebistaz koronabirusari buruzko mezua ematen zuen bitartean.

Herritar bat, Bartzelonan, atzo gauean lapikoa jotzen. ENRICA FONCUBERTA, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko martxoaren 19a
09:34
Entzun

Erantzun zabala jaso zuen atzo Felipe Borboikoa Espainiako erregeak telebistan koronabirusa dela-eta eman zuen mezuak; ez berak nahi zuen modukoa, ordea. 21:00etan, mezu instituzional bat eman zuen, eta batasuna eskatu zien herritarrei. Haren eskaerak, ordea, lapiko hotsa jaso zuen erantzun gisara. Sare sozialetan zabaldu zen mezu bati jarraituz, milaka eta milaka etxetan ordu horretan leiho eta balkoietara atera zen jendea lapikoa jotzera, protesta gisara. Ekimenak eskaera argi bat zuen: erregearen aitak Suitzan dituen 100 milioi euro osasun sistema publikora bideratzea, koronabirusari aurre egiteko.

Duela gutxi jakin da erregearen aita Juan Carlos Borboikoak 100 milioi euro dituela ezkutuan Suitzan. Zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, Saudi Arabian Mecara doan abiadura handiko trena Espainiako zenbait enpresak egin dezaten esku hartzeagatik jaso zuen dirutza hori, ordainsari gisara. Diru hori osasun sistema publikora bideratzeko eskaera monarkiaren aurkako ekinaldi bilakatu zen atzo, eta errepublikaren aldeko oihuak ere entzun ahal izan ziren. Sare sozialetan #coronaciao eta #erregeakanpora traolak nabarmendu ziren. Herri txikietan eta auzo handietan, asko izan ziren Espainiako erregeak bere mezua zabaltzen zuen bitartean lapikoa jotzea erabaki zutenak.

Konfinamendu egun hauetan leiho eta balkoietatik ari dira herritarrak euren nahiak adierazten. Azken egunetan, 20:00etan, ohikoa bihurtzen ari da osasun langileei txalo egitea. Espainiako erregeak ekinaldi hori txalotu zuen, eta bat egitera deitu zuen. Babesa adierazteko bezala, ordea, gaitzespena adierazteko atera ziren atzo 21:00etan ere. Ekinaldiak arrakasta izan zuen Euskal Herrian, eta baita Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.